Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fronda

(Fr. Fronde) Luis XIV.a erregetzarako adin gabea zela eta Mazarinoren gobernu garaian Frantzian izan ziren istiluei ematen zaien izena; aitonen semeek eta parlamentuak monarkiaren erabateko aginpidea mugatzeko egin zuten azkeneko ahalegina izan zen. Istiluek bost urte iraun zuten (1648-1653); ez zen higikunde bateratua izan, frondeurs-en alderdian nork bere interesak jartzen baitzituen beste ezeren gainetik (Condé eta Retzeko kardinala ziren frondeurs-en buru). Bi garai izan ziren, legebiltzarrena eta printzeena. Mazarinok, bere administrazioak zituen akatsengatik gaitziritzia zelako, bi bider erbesteratu behar izan zuen; baina azkenean azpijokoen bidez, eta aitonen semeen eta burgesen artean zeuden ezadostasunak zirela eta, itzuli eta garaipena lortzeko bidea izan zuen. Azkenean erregearen agintea indartu egin zuen, beraz, Frondako matxinadak.