Frisch, Max
Suitzar idazlea, alemanieraz idatzi zuena (Zurich, 1911-1991). Lanbidez arkitektoa zen. Antzerkigintzan aritu zen batez ere. Haren lanak parabolen antzekoak dira; psikologiak, ohiturek ez dute garrantzirik; pertsonaiak alegorikoak dira, lirismoa eta umorea guztiz alde batera uzten ez baditu ere. Brecht-en eragina igartzen zaio. Biedermann und die Brandstifter (1958, Su-emailleak, Antonio Labaienek itzulia), Zurich-eko burgesiaren aurreiritzi eta ahulezien satira da; Don Juan oder die Liebe zur Geometrie (1953, Don Joan edo geometriarekiko maitasuna), maitasunaren eta bikotearen ukapena; Andorra (1961), arrazismoaren salaketa. Eleberri garrantzizkoak idatzi zituen gizon modernoaren alienazioa gai hartuta: Ez naiz Stiller (1954), Homo faber (1957), eta Mein Name sei Gantenbein (1964, Demagun Gantenbein naizela) esaterako.