Frantzisko Ia Frantziakoa
Frantziako erregea, 1515-1547 bitartean (Cognac, 1494 - Rambouillet, 1547). Angulemako Valoisko Karlos dukearen eta Savoiako Luisaren semea. Frantziako Luis XII.aren alaba Klaudiarekin ezkondu zen (1514), eta haren ondoren hartu zuen erregetza (1515). Italian bere aurretikoek zeramaten politika bera eraman zuen aurrera; Marignanoko garaipenak (1515) Milanaldeko ateak zabaldu zizkion, eta Suitzarekin hitzarmena egin zuen. Karlos V.aren etsaia zen eta hura inperioko errege hautatu zutenean areagotu egin zen bien arteko etsaigoa (1519); Karlos V.ak garaipena lortu zuen Fugger bankariei esker, eta horrek arrisku handian jarri zuen Frantzia alde guztietatik etsaiez inguraturik geratzeko zorian gelditu baitzen. Ingalaterrarekin hitzarmen bat egiteko ahaleginak bertan behera gelditu ziren. La Bicoque-ko hondamenean (1523) Milanaldea galdu zuen. Proventzari eraso zioten inperioaren gudarosteek atzera egin behar izan zuten Marseillak egin zien jazarpenaren aurrean, baina Frantzisko I.aren kontraerasoa Paviako hondamenaz bukatu zen (1525). Madrilgo Itun gogorra onartu beharra izan zuen (1526), baina ez zuen bete; Burgundia beretzat gorde zuen eta berriro gerrari ekin zion, Aita Santuarekin, Veneziarekin eta Francesco Sforzarekin Cognac-eko Liga (1526) eratu ondoren. Cambraiko bakea (1529) izenpetu zuen; konpromiso hutsa besterik ez zen, baina Alemaniako protestanteengana eta turkiarrengana hurbiltzeko aukera eman zion, kristau guztien eskandaloa eragin bazuen ere, eta berriro gerrari ekiteko aukera eman zion Frantziako erregeari. Niza hartu eta Cerisoles-en (1544) garaipena lortu bazuen ere, Crepy-en-Leannois-eko bakeak ez zuen ezer berririk ekarri. Nafarroako Margarita bere arreba Erasmoren aldeko agertu zela eta, eskuzabala izan zen Frantzisko protestanteekin baina bere jarrera aldatu egin zen eta esetsi egin zituen, “iragarkien auziaren” ondoren batez ere (1534); hala, erregearen autoritarismoak indar hartu zuen. Atsegina eta jakintza handiko gizona zen; emakume askorekin izan zituen harremanak, Chateaubriant-eko kondesarekin eta Etampesko dukesarekin batez ere. Aginpidea bere begikoen (Duprat, Montmorency) edo Savoiako Luisa bere amaren eskuetan utzi zuen. Artearekiko ardura handia izan zuen Frantzisko I.ak; Italiako Errenazimentua Frantziara hedarazi zuen. Berak eramanarazi zituen Frantziara Leonardo da Vinci, Benvenuto Cellini, Primatice etab. Gaztelu ugari eraikiarazi zituen: Chambord, Villers-Cotterêts, Saint-Germain-en-Laye eta Frantziako Ikastetxea (Collège de France) sortu zuen (1530).
- Frantziska Erromatarra, santua
- Frantzisko Asiskoa,
- Frantzisko Borjakoa,
- Frantzisko Fernando Habsburgekoa
- Frantzisko Ia Alemaniakoa
- Frantzisko Ia Frantziakoa
- Frantzisko Ia Nafarroakoa
- Frantzisko Ia Siziliakoa
- Frantzisko IIa Erroma eta Germanietakoa
- Frantzisko IIa Frantziakoa
- Frantzisko IIa Sizilia Bietakoa