Fraga Iribarne, Manuel
Espainiar politikari eta legegizona (Villalba, Galizia, 1922). Partido Popular alderdiko kidea. Frankismoan garrantzizko karguak izan zituen: Movimiento delakoaren kontseilari nagusia (1956-1961), Gorteetako prokuradorea (1956-1976), eta Informazio eta Turismoko ministroa (1962-1969), besteak beste. Azken kargu horretan, turismoaren gorakada bideratu zuen eta prentsa legea argitaratu. Garai hartan hasi zen Francoren Erregimenaren alderdi ortodoxoenetatik urruntzen. Londresen izan zen enbaxadore (1973-1975), Gobernazioko ministro, gero (1975-1976; gobernualdi hartan oso jarrera gogorrak hartu zituen. Orduan gertatu ziren Gasteizko eta Montejurrako istiluak), Joan Karlos I.aren aurreneko gobernuan. Trantsizio demokratikoaren garaian eskuineko alderdi bat antolatu zuen, AP (Alianza Popular). PSOE gobernura heldu zenean (1982) oposizioko lehen alderdi izatera iritsi zen. 1989an AP PP bihurtu zen (Partido Popular), baina Fragak buruzagitza utzi behar izan zuen. 1990. urtean Galiziako Xuntako lehendakari hautatu zuten. 1993ko eta 1997ko Galiziako lehendakaritzarako hauteskundeetan gehiengo osoa lortu zuen berriro. Manuel Fraga gallegismo moderatuaren ordezkari eta Galiziako politikari nagusia izan da XX. mendearen bukaeran. Laurogeitik gora liburu idatzi ditu saiakera eta azterketa politikoko lanen artean.