Fortuny, Mariano
Kataluinar margolari, akuarelista, grabatzaile eta diseinatzailea (Reus, 1838 - Erroma, 1874). Hasieran, historiari eta erlijioari buruzko pinturak egin zituen, baina Marokoko gerran Prim jeneralaren ondoan parte hartu baitzuen, bertako gaiak hartuta krokisak, akuarelak eta grabatuak egin zituen, lurralde hartako bizitza irudikatzen zutenak. Ondoren ohitura koadroak pintatu zituen. Maisu erromantikoen jarraitzailea zen, eta oso ezaguna egin zen, Erroman batez ere, han bizi izan zen garaian, eta Napoliko pintoreen artean. Meissonieren errealismotik oso hurbil, zehaztasunari arreta handia eskaintzen zion, eta teknikaren aldetik trebetasunik bikainena erakutsi zuen. Bere koadroen artean aipatzekoak dira: La Vicaría, Don Quijote, La dama de negro, El Patio de Lindaraja eta La sala de los abencerrajes.