Fontcuberta, Joan
Katalan argazkilaria (1955). Informazio zientzietako lizentzia atera ondoren, irakasle izan zen fakultate horretan, eta geroxeago, 1979-1986 bitartean, Arte Ederretako fakultatean. 1988an, Photovision aldizkaria sortu zuen. Espainiako XX. mendeko argazkilaritzaren espezialista gisa, zenbait erakusketa antolatu ditu, hala nola, Idas y Caos, aspectos de las vanguardias fotográficas en España 1920-1945. Artista gisa egin duen lana errealismo fotografikoa naturaltasunaren eta artifizialtasunaren –eta egiaren eta faltsuaren– arteko nahasketaren bidez iraultzean datza. Horren adibide dira bere frottogramak –irudi fotografikoaren eta frottage surrealistaren arteko sintesia–, informazio bisualari negatiboaren marratuaren ukimen informazioa gehitzen diotenak. Argitaratu dituen lanen artean, aipagarriak dira Herbarium (1984) eta Fauna (1988, Pere Formiguerarekin batera). Erakusketa askotan parte hartu du eta munduko museo handienetan daude bere obrak ikusgari. 1988an, Alemaniako Fotografische Akademiek Octavious Hill dominaz saritu zuen.