Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fontainebleau

Seine-et-Marne-ko hiriburua, Fontainebleauko oihanaren erdian. 19.595 biztanle. Bertan dagoen gazteluak egin du ospetsu. Estilo batasunik gabe eraikitako atal desberdinak ditu gazteluak. Jatorriz, Frantziako erregeen ehizerako etxea zen. San Luisek gotorleku bat eraiki zuen bertan, eta Karlos V.ak liburutegi bikain bat ipini zuen. Frantzisko I.ak, gotorlekua bota ondoren, Errenazimentuko estiloan eraberritu zuen. Henrike IV.ak gaztelua handitu zuen. Luis XIV.ak Le Nôtre-eri agindu zion lorategiak egin zitzan, eta bertan izenpetu zuen Nantesko ediktoaren baliogabetzea (1685). Luis XV.ak areago handitu egin zuen gaztelua, eta Frantziako Iraultzaren garaian ez zuten suntsitu. Napoleon I.ak eraberriketa handiak egin zituen; han egin zuen Fontainebleauko konkordatua Pio VII.arekin (1813) eta han egin zuen lehen abdikazioa (1814). 1946tik 1966ra NATOko indar aliatuen estatu nagusiaren egoitza izan zen. Gaur egun altzari, tapiz eta pintura museoa da.  v  Fontainebleauko eskola. Fontainebleauko gazteluan 1526an kokatu zen arte eskolari ematen zaion izena. Frantzisko I.ak deiturik, Italiako zenbait artista (Rosso Fiorentino, Primatice eta Niccoló Dell’Abate) izan ziren bertako zuzendari, eta eragin handia izan zuen Frantziako hainbat margolarirengan (Cousin, F. Clouet, A. Caron eta beste batzuk). Estilo hori apainketa handietan erabili zen (freskoa eta igeltsoa), tapizgintzan eta gainerako arte aplikatuetan, eta hedadura handia izan zuen grabaketari esker.  v  Fontainebleauko bigarren eskola. Henrike IV.ak erregetza hartu eta Fontainebleauko lanei ekin zitzaienean garatu zen. Nazioarteko manierismoaren azken azalpena da. Artista flandestarrak eta frantsesak (T. Dubreuil, A. Dubois, M. Fréminet) izan ziren nagusi.