Fogel, Robert William
Estatubatuar historialaria (New York, 1926). Cambridge, Columbia eta Johns Hopkins unibertsitateetan goi mailako ikasketak egin ondoren, eskolak eman zituen Harvard eta Rochester unibertsitateetan. Esklabotasunak eta burdinbideek Estatu Batuetako ekonomian izan zuten eraginari buruz idatzi du batez ere, eta haren ideia erradikalak oso eztabaidatuak izan dira. The Union Pacific Railrod (1960, Union Pacific burdinbidea) eta Railroads and American Economic Growth (1964, Burdinbideak eta Amerkietako Ekonomia Hazkundea) liburuetan guztiz desegin zuen ordu arteko iritzi nagusia, burdinbideek Estatu Batuetako ekonomiaren hazkundean oso eragin gutxi izan zutela azaldu zuenean. Ideia horrek baino are hautsa gehiago harrotu zuten ordea, Time on the Cross: The Economics of American Negro Slavery (1974, Estatu Batuetako ekonomia esklabotasunaren garaian) liburuan plazaratu zituenak: alegia, esklabotasuna kotoia lantzeko sistema eraginkorra izan zela eta arrazoi politikoengatik –ez ekonomikoengatik– desagertu zela. Liburuak izan zituen kritika zorrotzei erentzunez, Without Consent or Contract: The Rise and Fall of American Slavery (1989-1992, Baimenik gabe: Estatu Batuetako esklabotasunaren goraldia eta beheraldia) idatzi zuen gero. Liburu horretan esklabotasuna gaitzetsi zuen eta aurreko ikerketan behar bezala argitu gabe utzitako gai batzuk hobeto azaldu zituen. 1993an Ekonomiako Nobel saria jaso zuen –Douglass C. Northekin batera–, historiako gertakariak teoria ekonomikoen eta metodo kuantitatiboen bidez aztertzeko egindako lanarengatik, eta kliometria –historiaren azterketa estatistiko zehatzak eta neurketa objektiboak egitean datzan ekonomiaren adarra– fundatuz egindako ekarpenarengatik.
- fobia
- Foch, Ferdinand
- Foe, Daniel de
- foehn
- Fogazzaro, Antonio
- Fogel, Robert William
- foie gras
- Foix, Josep-Vicenç
- Foix
- Foix-ko konderria
- foka