Foch, Ferdinand
Frantses mariskala (Aturbe, 1851 - Paris, 1929). Jesuitekin egin zituen lehen ikasketak; Politeknikoan sartu zen (1871) eta 1877an kapitain egin zen. École de Guerre-n sakondu zituen ikasketak (1884), eta ondoren komandante graduz irakasle (1896) eta brigadier jeneral gisa zuzendari (1907) izan zen bertan. Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Joffrerekin batera, Paris hartzera zihoan alemaniar gudarostea Marnen geldiarazi zuen. Ypresen, Mantxako itsasarteko portuak salbatu zituzten oste ingeles-frantsesen gidari izan zen, eta 1916an Sommeko gatazkan eragin handia izan zuen. Gudarosteko estatu nagusiko buru izan zen Petainen ordez (1917); 1918an aliatuen Jeneral Nagusi izendatu zuten; alemaniarren udaberriko erasoa geldiarazi zuen, eta alemaniarrak mendebaleko frontetik atzeraraziz, bakea izenpetzeko bidea eman zuen (1918ko azaroaren 11).