Fo, Dario
Italiako antzerki idazle, antzerti zuzendari eta antzezlea (Leggiuno Sangiamo, 1926). Bere lehenengo antzerki lan satirikoak kabaret eta areto txikietarako egin zituen. Fanca Rame antzezlearekin ezkondu zen, eta Campagnia Dario Fo-Franca Rame taldea eratu zuten 1959an. Italiako telebistan egindako ikuskizunek eta antzerki lan umoretsuek fama handia ekarri zioten bikoteari; politika zuten gai nagusia, zorroztasun handiz aztertuta. 1968an Nuova Scena talde berria sortu zuten, Alderdi Komunistarekin harremanak zituena; 1970ean La Comune antzerki taldea eratu zuten, eta parkeetan, eskoletan eta leku publikoetan antzerki emanaldiak eskaini zituzten. Lan nagusien artean: Morte accidentale di un anarchico (1974, Anarkista baten ustekabeko heriotza) eta Non si paga, non si paga! (1974, Ez dugu ordainduko, ez dugu ordainduko!), Clacson, trombette e pernacchi (1981, Izuaren aurpegia Xabier Mendiguren Bereziartuk euskarara itzulia). XX. mendeko antzezle komiko hoberenetako bat izan da, eta antzerki idazle oparo eta bikainenetako bat. Politika gaiak erabili ditu batez ere, umore eta ironia handiz. 1997an, Literaturako Nobel saria jaso zuen.