Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

fisika

iz. Materiaz eta energiaren ezaugarriez eta haien arteko erlazioez diharduen zientzia. Antzinatean gorputzen tasunak eta gorputz horien arteko erlazioak aztertzen dituen zientziari “filosofia naturala” deitzen zitzaion, eta gaur Fisikak hartzen duena baino eremu zabalagoa betetzen zuen; hain zuzen ere, handik sortu dira matematikak, natur zientziak eta zientzia fisikoak. Gaur egun, giza jakintzaren alor nagusietako bat da Fisika, erabilera gehien dituenetakoa. Fisika zientzia adar desberdinetan sailkatzen da: estatika, dinamika, mekanika, termodinamika, optika, akustika, elektrizitatea, etab. Bakoitzak bere aztergai berezia du; adar bakoitza asko zabaldu da, eta fisikaria adar jakin bateko espezialista izan ohi da gaur egun. Fisika zientzia esperimentala da, eta horregatik metodo esperimentalean oinarrizko diren zenbait prozedura erabiltzen ditu: gertaerak interpretatzeko abiapuntuko hipotesiak, gertaeren behaketa, esperientzien diseinua, aldagaien kontrola, neurketa, hipotesiak egiaztatzea, gertaeren intrepretazio teorikoa, legeak formulatzea, eta abar. Fisikak bestalde oso lotura zuzena du matematikarekin, Fisikako legeak formulatzeko matematikaren premia baitago.  v  Historia. Antzinatea eta Erdi Aroa. Egiptoar eta kaldearren garaian ezaupide teknikoak aurrerakada handia izan zuen arren, izadiko gertaerak esplikazio mitologikoen eta magikoen bidez interpretatzen ziren; zientzia fisikoek ez zuten inongo garapenik izan. Grezian bestalde, Fisika Filosofiaren baitan zegoen, beste jakintzak bezala, eta nahiz eta esperimenturik egin ez, gertaeren interpretazio errazionalak egiteko saioak izan ziren. Aristoteles da garai hartako filosoforik ezagunena. Haren ideiek eragin handia izan zuten; ia 2.000 urtez izan ziren onartuak. Ez dago hala ere esaterik garai hartan benetako Fisika lantzen zenik; Fisikako lehen lanak Alexandrian egin ziren Arkimedesen eskutik, hark hidrostatikaren lehen oinarriak jarri baitzituen. Astronomia ere garatu zen garai hartan. Errenazimentutik XIX. mendearen bukaera arte. Antzinako Greziatik XVI. mendea bitartean ez zen berrikuntza handirik izan, Errenazimentua arte ez baitzen ia munduaren ikuspuntua aldatu. Orduan mugatu ziren Fisika klasikoaren bost aztergai nagusiak: mekanika (mugimendua aztergai duena), termologia (gorputzen tenperatura-lana loturari dagokiona), akustika (soinuarekin zerikusia duten gertaerez diharduena), optika (argia eta argiaren gertaerei buruzko alorra) eta elektromagnetismoa (karga elektrikoei buruzkoa). Galileo Galilei (1564-1642) izan zen gorputzen tasunak eta gertaerak aztertzeko metodo zientifikoa lehen aldiz erabili zuena. Haren aurrekoek inongo kritikarik gabe onartzen zituzten Aristotelesek gorputzen erorketari buruz azaldu zituen legeak, baina Galileok gertaera horren lege berriak plazaratu zituen. Inertzia eta jaurtikigaien mugimenduari buruz ere azalpen berriak eman zituen. Beste alor batzuetan lan handiak egin bazituen ere (astronomian, hidrostatikan), dinamikan egin zituen lanak dira nagusi. Bere ondoren beste zientzia gizon handi batek bete zuen Galileoren lekua, Newtonek (1642-1727). Newtonek lotura estuak sortu zituen Fisikaren eta Matematikaren artean, eta optikaren eta mekanikaren oinarriak jarri zituen. Haren legeetan oinarrituz Fisikak hazkunde handia izan zuen, munduaren teoria mekanizista gorpuztu eta esperientzia metodoa jarri baitzuen Fisikako lan guztien oinarri gisa. Handik aurrera ugaritu egin ziren fisikariak eta aurkikuntzak: mekanikan Cavendish, Foucault; termodinamikan Doulong, Gay-Lussac, Joule eta Carnot, Celsius, Fahrenheit; Wattek lurrun makina asmatu zuen; akustikan Lagrange, Edison, Belle…; optikan Newton bera, Grimaldi, Becquerel; elektrizitatean Franklin, Coulomb, Faraday; astronomian Lapacle, Herschel; elektromagnetismoa Oersted, Ampere, Foucault. Haiei eta beste askoren ahaleginei esker XIX. mendean bukaeran Fisika asko garatu zen eta geroz eta zabalagoak ziren teknikako aplikazioak (argazkigintza, X izpiak, lurrun makinak, elektrizitatea, eta abar).  v  XIX. mendearen bukaera arte gorputz handiak eta horiekin zerikusia zuten gertaerak aztertu zituzten batez ere fisikariek; XX. mendearen hasieran, berriz, partikula mikroskopikoak eta ultramikoskopikoak aztertzen hasi ziren. Oso eskala txikietan, eta bizkor higitzen diren gauzakiei dagokienez, espazio, denbora, materia eta energiari buruzko ohiko kontzeptuek ez dute balio, eta Fisika modernoko bi teoria nagusik Fisika klasikoak ematen zuenaren aldean oso bestelako ikusmoldea ematen dute kontzeptu horiez. Quantum-en teoriak maila atomiko eta azpiatomikoko gertaera askoren izaera diskretua edo etena, etengabea baino areago, aztertzen du, eta horrekin batera gertaera horien partikulen eta uhinen alderdiak ere lantzen ditu.