Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

fisio

iz. Fis. Atomo baten nukleoa bi partikuletan edo gehiagotan zatitzea, beste partikula batzuek, neutroi geldiek adibidez, bonbardatzen dutenean gertatzen den prozesua, energia kopuru handia askatzea ondorio duena. Fisio prozesua 1939an aurkitu zuten Hahnek eta Strassmanek, Julioten eta Fermiren lanei jarraituz; horretarako neutroi geldiez bonbardatu zuten uranio atomoaren nukleoa. Ohartu ziren hori egitean masa berdintsua duten bi atomo eratu zirela (bromoa eta lantanoa) eta neutroi berriak askatzen zirela. Aldi berean energia kopuru handia ere askatzen zen. Eratutako neutroi berriek beste uranio nukleo batzuk hauts zitzaketen, eta horrela, segidan gertatzen den erreakzio bat sor zitekeela ikusi zuten. Gai kimiko guztien nukleoak ez dira erraz zatitzen nukleoa bonbardatzean. Gaitasun hori torio elementutik abiatuta bera baino astunagoak diren elementu guztiek dute. Jaurtikitako neutroiek zenbat energia izan, hartara izango da nukleoen fisioa errazagoa edo zailagoa. Horrela, U235, U233 eta P239 elementuen nukleoak neutroien edozein energiarekin zatitzen diren bezala, U238 elementuaren zatiketa neutroi bizkorren bidez besterik ezin lor daiteke. Fisio prozesuan masa galera gertatzen da, hau da, hasierako erreakzio gaien masa ondoren lortzen diren gaiena baino handiagoa da. Galtzen den masa hori energia bilakatzen da. Oso handia da askatzen den energia; horrela, uranio gramo baten fisioak 3 tona ikatzek adina energia askatzen du.