Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

filistar

iz. eta izlag. Itun Zaharreko garaietan, israeldarren etsai zen herri bateko kideaz esaten da. K.a. XII. mendean Palestinako hegoaldeko kostaldean finkatu zen herri txiki indoeuropar bat zen filistarrena. Kreta aldetik edo abiatu ziren Palestina aldera eta kultura aurreratua zuten, nekazaritzan, metalgintzan, arteetan eta gerran, batez ere. Egiptotarren arabera, Itsasoko Herrietako bat osatzen zuten eta egungo Tel Aviv-etik Gazara bitarteko kostaldea hartzen zuten K.a. 1190. urte aldera, israeldarrak Palestinaratu ziren garai beretsuan. Pentarkia batean zeuden eratuta (Gaza, Asdod, Askalon, Gath, Ekron). Beren lurraldea ondaretzat Judak jaso bazuen ere, Josuek egin zuen konkistan ez zituen garaitu ahal izan filistarrak. Sanson, Eli, Samuel eta Saulen garaietan (Saul beraien kontrako gerran hil zen), sarri eraso zuten Israel. Davidek, bere aldetik, askotan garaitu zituen eta beraien aginpideak gainbehera egin zuen, asiriarren eta egiptotarren erasoen ondorioz guztiz galdu ziren arte. Philistia izenetik dator Palestina.