Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

feudalismo

iz. Erdi Aroko lege eta gizarte sistema, mendekoak, lurra lantzearen truke, jaunari eskaini behar zizkion zerbitzuetan oinarritua.  v  Hist. Europan Karlomagnoren inperioa amaitu ondoren sortu zen feudalismoa (frankoen erreinuan IX. mendean), feudoak eratu eta aitonen semeen eta mendekoen arteko harremanak finkatu zirenean. Frantziatik Italiako iparraldera, Espainiara, Alemaniara eta lurralde eslaviarretara zabaldu zen; 1066an Ingalaterrara, Italiako hegoaldera eta Siziliara iritsi zen. Erregeak lur guztien jabeak ziren, eta zaldunei ematen zizkieten haien mendekoek erabil eta lan zitzatzen. Beren lurrak eta elizarenak banatu zituzen era horretan. Feudalismoa batez ere IX. mendean zabaldu zen ekonomia sistema eta lurraren jabetza izateko modu berezia izan zen. Sortu zenean lurraren jabetza bizitza osorako izaten zen, baina geroago lurra herentziaz hartzen zuten aitonen semeek. Era horretan erregearen ahalmenak behera egin zuen, eta nobleen familiak aberastu ziren. Eliza ere modu berean zegoen eratua: zaldunek aukeratzen zituzten apezpikuak eta abadeak, eta haiek, ordainetan, zerbitzuak eskaintzen zizkieten nobleei. Legearen alorrean, feudalismoak bertako agintarien gorteen ordez, jaun baten mendekoez osatutako gorteak ezarri zituen. Estatu zentralistak sendotzeak, hirien indar ekonomikoak, burgesiak eta merkataritzaren gorakadak feudalismoaren amaiera ekarri zuten; XIII. mendean hasi zen desegiten, eta zenbait mendez egin zuen aurrera erabat desagertu arte. Munduko beste lurraldeetan ere izan ziren antzeko ezaugarriak zituzten sistemak, Japonian adibidez. XIV. mendearen bukaerarako feudalismoak Europako gizartean indarrik ez bazuen ere, gizarte guztietan utzi zituen arrastoak (zergak biltzea, jaunen eta zerbitzarien arteko betebehar eta eskubideak…) erakunde sortu berrietan.