Fernando IIIa Santua
Gaztelako erregea, 1217-1252 bitarteko urteetan eta Leongoa 1230-1252 bitarteko urteetan (Valparaiso, Zamora, 1199 - Sevilla, 1252). Berengelak, amak, utzi zion Gaztelako erreinua eta Antsa eta Dultze arrebaordeek utzi zioten Leongoa. Garai hartan bi koroak elkartu ziren betiko. Fernando III.ak mairuen kontrako gerra izan zuen helburu. Muradal gainditu, Guadalquivireko ibarretara heldu eta Ubeda (1234), Andujar, Martos, Baeza, Kordoba (1236), Murtzia (1243), Jaen (1246) eta Sevilla (1248) hartu zituen, eta ondoren Jerez eta Cadiz (1250). Hiriburua Sevillan jarri zuen, eta Granada eta Murtziako erregeak zergapeko egin zituen. Gaztela eta Aragoiko mugak finkatu zituen Aragoiko Jakue I.arekin. Fuero Juzgo delako lege bilduma itzularazi zuen eta Burgosko (1221) eta Toledoko (1226) katedralak eraiki zituen. Salamancako unibertsitatea sortu zuen 1239. urtean. Suabiako Beatrizekin ezkondu zen (1220). 1671ean Klemente X.a Aita Santuak santu egin zuen. Sevillan dago haren hilobia.