Filipe Ia Bihoztuna
Hesseko jauna (Marburg, 1504 - Kassel, 1567). Nekazariak gogor zapaldu zituen Turingian (1525), baina 1526an Erreformaren alde egin zuen; Marburgen lehen unibertsitate protestantea sortu zuen (1527); bertan Lutero eta Zwinglio adosteko asmoz elkarrizketa bat antolatu zuen (1529), eta Saxoniako Joan-Frederikorekin Esmalkaldako Liga eratu zuen (1530). Bi emazte zituela eta, Alemaniako protestantismoan zuen gailentasuna galdu zuen. Karlos V.ak menderatu eta preso hartu zuen (1547-52), Passauko hitzarmenari esker askatu zuen, eta ondoren protestante eta katolikoen arteko bakeak egiten saiatu zen.