Fefferman, Charles Louis
Estatubatuar matematikaria (Washington, D.C., 1949). Fefferman txikitatik izan zen matematikazalea, eta orobat oso argia: hamabi urterekin kalkulua menderatzen zuen. Marylandeko Unibertsitatean sartu zen oso gazte zela, eta 1966an, hamazazpi urterekin, graduatu zen. Princetongo Unibertsitatean, Elias Steinen zuzendaritzapean, lanean jarraitu zuen, eta 1969an aurkeztu zuen Inequalities for Strongly Regular Convolution Operators izeneko tesia. Princetongo Unibertsitatean eman zituen eskolak 1969-70 urteetan. Chicagoko Unibertsitatera joan zen 1970ean, eta urtebete geroago irakasle egin zuten: era horretan, Estatu Batuetan inoiz izandako irakaslerik gazteena bilakatu zen. 1973an Princetonera itzuli zen. Feffermanek ekarpen ugari egin ditu dimentsio askoko analisi konplexuan. Beste arlo asko ere landu ditu: ekuazio partzial diferentzialak, Fourier-en analisia, konbergentzia partikularra, biderkatzaileak, dibergentzia, ez ohiko integralak eta Hardy espazioak. Lan horrengatik guztiagatik, Fields domina jaso zuen 1978ko Helsinkiko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan. 1992an Bergman saria jaso zuen. Feffermanek oso ekarpen garrantzitsuak egin ditu Bergmanen nukleoaren ikerketan.