Fassbinder, Rainer Werner
Alemaniar idazlea eta antzerki eta zinema zuzendaria, (Bad Wörishofen, Bavaria, 1946 - Munich, 1982). Hamasei urte zituela eskola utzi eta abangoardiako antzerki taldeetan hasi zen lanean. Langile nekaezina zen eta antzerki molde guztiz berriak plazaratu zituen, Goethe, Sofokle eta beste klasiko batzuk landu zituen arren. 1969. urtean egin zuen bere lehen filma (Liebe ist Kälter als der tod, Heriotza baino hotzagoa da maitasuna). Gai politiko-sozialekin batera, giza zapalkuntzaren zirrikitu guztiak miatu zituen bere lanetan. Bere buruaz beste egin zuen 1982an, bere drogazaletasunak eta ustezko homosexualitateak piztu zuten eztabaida handi baten ondoren. Film nagusiak: Katzelmacher (1969, Bavarian lanean ari ziren atzerriko langileen egoeraz), Die bitteren Tänen der Petra von Kant (1972, Petra von Kant-en malko mingotsak, giza harremanetan nagusitzen den indarkeriaz), In einem Jahr mit 13 Monden (1978, 13 ilargiko urtean, sexu aldaketaz damuturiko transexual baten alegoria). Guztiz harrera ona izan zuen Fassbinderrek gerra ondoko Alemaniaz egin zuen trilogia: Die Ehe der Maria Braun (1979, Maria Braunen ezkontza, ezkontzaren ironiaz), Lola (1981, Aingeru Urdinaren elezaharrari buruzkoa), Veronika Voss (1982, Veronika Voss, Sybille Schmitz aktoresaren bizitzaz). 1980. urtean, telebistarako egokitu zuen Alfred Döblin-en Berlin Alexanderplatz eleberria. Azken urteotako Alemaniako zinema zuzendari garrantzi handienetako bat da Fassbinder.
- fase
- Fasenmyer, Sister Mary Celine
- faskogalino
- faskolartino
- faskolomido
- Fassbinder, Rainer Werner
- fasziola
- Fata, Al
- fatalista
- Fathy, Hassan
- Fatima