Fallopio, Gabriel
Italiar anatomia ikertzaile eta irakaslea, belarriaren eta ugalketa organoen ezagueran aurreramendu handiak egin zituena (Modena, 1523 - Padua, 1562). Modenako katedralean kanonigo zela, Ferrarako unibertsitatean anatomia ikasketak egin zituen, eta gero bertako irakasle izan zen. Uteroa eta obulutegiak elkarrekin lotzen dituzten hodiak, aurpegiko eta buruko nerbio nagusiak, barruko belarriko zirkulu erdiko hodiak (barakuilua) aurkitu eta deskribatu zituen. Vesaliusekin batera berebiziko eragina izan zuen medikuntzak Errenazimentuan izan zuen aurreramenduan. v Fallopioren hodiak. Obulutegiak eta uteroa lotzen dituen bi hodietako bakoitza; hodi hauetan zehar lerratzen da obulua uterora iristeko. 10-12 bat cm luze dira. Obulutegiaren muturra mizto antzeko zuntzak dituen inbutu formako egitura da, eta hileko aldian, zuntz horiek higitzen direnean, Fallopioren hodietarantz, eta uterorantz, bultzatzen dute obulua. Obulutegi aldeko hodi muturretik hurbil ernaldu ohi da obulua. Fallopioren hodiak ebakuntza baten bidez etetean haurdun geratzea eragozten da.