Falla, Manuel de
Espainiar musikagilea (Cadiz, 1876 - Alta Gracia, Argentina, 1946). Pedrellen ikasle izan zen Madrilen; hasieran zartzuelak egin bazituen ere, opera lantzen hasi zen gero, eta hark eman zion ospea: La vida breve (1905). Parisen bizi izan zen zazpi urtez (1907-14) eta Debussy, Ravel, Dukas eta Albeniz ezagutu zituen garai hartan. Oso artista oparoa eta zehaztasun zalea izan zen, eta bere garaiko musikagilerik handienen artean jarri zuten obra bikainak egin zituen. Siete Canciones españolas, Cuatro piezas españolas egin zituen. 1915ean El Amor brujo baleta, Noches en los jardines de España, 1916an piano eta orkestrarako, El sombrero de tres picos 1919an. Berriro Espainiara itzulirik, Manuel de Fallak El retablo de Maese Pedro idatzi zuen (1923) Don Kixote-ko pasarte batean oinarriturik, eta Concerto bat XVIII. mendeko Espainiako musikaren omenetan. Azkenik La Atlantida obrari ekin zion 1926an, baina ez zuen bukatu osasun txarragatik. 1939an, Espainiako Gerra Zibila bukatzean, Argentinara joan zen.