Fallaci, Oriana
Italiar idazle eta kazetaria (Florentzia, 1929). Florentziako Unibertsitatean ikasi zuen. L'Europeo egunkariko kazetaria izan zen hogeita hamar urtez, eta Italiako eta nazioarteko argitalpen garrantzitsuenen lankide (Corriere della Sera, Epoca, Life, New York Times). Kazetaritzako erreportajeen bidez egin da ezaguna. Bere esperientziak hainbat liburu ezagunetan jaso ditu, hala nola Ezer ez eta hala bedi (Mexiko eta Vietnameko lekukotasuna) eta Intervista con la Storia (Elkarrizketa Historiarekin, politika eta gizarteko pertsonaiekin egindako elkarrizketa bilduma). Hainbat nobela idatzi zituen bere bizipenekin: Lettera a un bambino mai nato (1979, Jaio ez den haur batentzako gutuna), Un uomo (1981, Gizon bat) eta Inshallah (1990). Hizkuntza zuzen, urduri eta beroa erabiliz irakurlea hunkitzeko gaitasuna erakutsi du. 1992an minbizia aurkitu zioten, eta gaur egun gaixotasunaren aurka borrokan jarraitzen du.