Evemero
edo Euemero. (Gr. Euemeros). Greziako idazlea (K.a. IV-III. m.). Haren Historia Santua, mitologiaz eta filosofiaz idatziriko hitz lauzko kontakizuna, galdu egin da (baita Kinto Eniok poetak latinez eman zuen egokitzapen poetikoa ere). Erlijio mito guztien azterketa arrazoitua proposatu zuen Evemerok. Haren teogoniaren arabera, beren garaikideek beldurrez edo mirespenez goraldatutako gizakiak baizik ez ziren jainkoak. Evemeroren teoriez baliatu ziren kristauak politeismoari aurre egiteko. Erlijioen jatorriari buruzko dotrina errazionalista bat sortarazi zuen Evemeroren sistemak (evemerismoa).