eutanasia
iz. Eritasun sendaezina duen pertsona bati, haren pairamena laburtzearren, heriotza eragitea. ■ Eritasun sendaezina duen pertsona bati heriotza eragitea, haren pairamena eta oinazea mozteko asmoz. Bi eutanasia mota bereiz daitezke: eutanasia eraginkorra, eugenesia eta eutanasia pasiboa. a) Eutanasia eraginkorra, hots, nahita eragiten den heriotza, gaixo sendaezinari oinazea saihesteko, eta errukizko hilketatzat hartu ohi da. b) Eutanasia pasiboa edo ortotanasia. Gaixoa hiltzen uztea, bizitzeko derrigorrezkoak dituen iraunbideak ukatuz, bizitza luzatzea modu artifizial hutsez besterik ezin lor daitekeenean. Lehen era izan da eztabaidatuena, berez eutanasiatzat hartua izan dena alegia, eta oso arautegi gutxitan dago onartua zigorrik gabe: garai bateko Sobiet Batasunean, Perun eta Uruguaien, eta ez osoki. Jarrerarik zabalduena erruaren aringarri hartzen duten herriena da, Suitzan, Alemanian eta Italian esaterako. Espainiako eta Frantziako arautegietan, berriz, hilketa huts gisa hartzen da. Eztabaidan arazo moral bat dago, eta eskubide kontrajarri ugari. Alde batetik sendagilearen eginbeharra, bestetik gaixoaren eskubideak, eta familiaren jarrera, besteak beste. Eztabaida horrek aldeko eta kontrako jarrerak biltzen dituen elkarte bat baino gehiago eragin du. Kontrako jarrera aldeztu dutenen artean, eliza katolikoa agertu izan da, gaixoari pairamena eta oinazea baretzea onartu badu ere, xede horrekin eman behar zaizkion sendagaiek bizitza laburtuko badiote ere. ■ Zuz. Legearen ikuspegitik, norberaren borondatez eta oinazerik gabe eragindako heriotza da eutanasia, sendabiderik ez duten gaixoen heriotza oinazetsua eragozteko. Gaixoari oinazea arintzen dioten drogak edo gaiak ematen zaizkio, nahiz eta gai horiek berek heriotza eragin. Ez da, ordea, eutanasiatzat hartzen gaixorik dauden zaharrei edo buruko gaixotasunak dituzten eriei eragiten zaizkien heriotzak: horiek homizidiotzat edo hilketa soiltzat hartzen dira. Ez da, ezta ere, eutanasiatzat hartzen sendabiderik ez duen eriari bizitza luza diezaiokeen (baina ez sendatu) bitarteko oso garesti bat edo teknologia sofistikatukoa ez aplikatzea. Kode penal gehienetan, eutanasia eriaren baimenarik gabe egiten bada, homizidiotzat hartzen da, eta eriaren borondatez eta baimenarekin egiten bada, berriz, suizidioan laguntzeko delitutzat. Nolanahi dela ere, mediku batek sendabiderik ez duen gaixo baten bizitzari luzapena ez ematea erabaki dezake, edo oinazea arinduko dion droga bat ematea, nahiz eta horrek bizitza laburtu. Gaixoa baimena emateko ezintasunean aurkitzen denean eta aurretik ezer adierazi ez duenean izaten dira arazoak. Eutanasiaren zilegitasun moralari buruzko eztabaida handiak izan dira XX. mendean zehar, eta duintasunez hiltzeko eskubidea aldarrikatzen duten elkarteak ere sortu dira. Eutanasia legeztatzearen aldeko higikundea Ingalaterran sortu zen, 1935ean, borondatezko eutanasiari buruzko legeak egiteko elkarte bat sortu zenean. Handik urte batzuetara helburu bereko beste elkarte bat sortu zen Estatu Batuetan. ■ Gaur egun, Europan, Holandan eta Belgikan eutanasia (zenbait kasutan) legezkoa da. Estatu Batuetan ere, estatu batean (Oregonen), zilegizkoa da sendagileak emandako botika hilgarriren bat hartzea gaixoak; 43 lagunek erabili dute dagoeneko baliabide hau. Estatu Batuetako gainerako estatuetan debekatua dago, baina justizia amore ematen hasia da. Australiako Iparraldeko Lurraldeak 1995. urtean hilzorian dauden gaixoen Eskubide Akta onetsi zuen, baina atzera bota zuten, lau botoren aldearekin, 1997an, eskualdeko ganberan egindako kontzientziazko bozketa baten ondoren. Kolonbian, berriz, Konstituzio Gorteak borondatezko eutanasia baimendu zuen 1997an hilzorian zeuden gaixoentzat, horretarako eskaera egin bazuten. Frantzian, Medizina eta Biologiako Etika Batzordeak ez dela eutanasiaren aldeko adierazi du –sendabiderik gabeko gaixo baten berariazko heriotza eragiten duen delitutzat hartzen du eutanasia frantses legediak–, baina 2000ko martxoan onartu zen legeak egin ditzakeela “salbuespenak”, baldin eta, ohiko bitartekoak erabiliz, “oinazea ezin menderatu bada”. Batzordearen arabera, salbuespen horren aplikazioak lege agintaritzaren mendekoa behar du izan. Eliza eutanasiaren guztiz kontra dago. Joan Paulo II.a Aita Santuak adierazi duenez, “Jainkoaren legearen bortxatze larria, gizaki baten ezabatze berariazkoa eta moralki ezin onartuzkoa” da eutanasia.