Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua

Euskarak garapen osoa lortzea helburutzat duen erakundea. ■ Euskararen garapenaren alde lan egiten duten Euskal Herriko 60 gizarte erakunde biltzen dira Kontseiluaren baitan; 8.000 langile, 150.000 bazkide eta 50.000 milioi pezeta inguruko fakturazioa osatzen dute denen artean (2000ko datuak). 1997ko abenduaren 6an ospatu zen sortze batzarra Durangon (Bizkaia), eta Andoainen (Gipuzkoa) du egoitza nagusia. Euskararen normalizazio prozesua bultzatzeko bi ildo nagusi lantzen ditu Kontseiluak: euskalgintzako erakundeen arteko loturak bultzatzea eta gizarte eragile, indar ekonomiko zein alderdi politikoak hizkuntza normalizazio proiektuetan inplikatzea. Bai Euskarari Akordioaren bultzatzaile nagusia da. Xabier Mendiguren Bereziartu da Kontseiluko Idazkari Nagusia. ■ Egitura. Batzarra: Kontseiluko aginte organo gorena da. Batzarraren eginkizun nagusia norabidea eta lan ildoak finkatzea da. Batzarrak izendatzen du Zuzendaritza. Zuzendaritza: hamaika kidek osatzen dute. Bere eginkizunak kudeaketa plana zehaztea eta Batzarraren erabakiak betearaztea dira, batik bat. Talde horrek izendatzen du Idazkari Nagusia. Idazkari Nagusia: Idazkaritza gidatzea eta Kontseiluaren ordezkari izatea da Idazkariaren funtzioa. Idazkaritza: Batzarraren erabakiak bete eta bideratzeaz arduratzen den lan talde profesionala da. Arlokako banaketan oinarritzen da Idazkaritza (Idazkari Nagusia, Plangintzaburua, Finantzaburua, Harreman Politikoetarako Arduraduna, Gogoeta eta Komunikazioburua, Kohesio Ildoaren Arduraduna eta Bulegaria). Lan ildo nagusiak garatu, dinamizatu eta jarraipena egiten duten hainbat lantalde ere badaude: Gogoeta Lantaldea, Plangintza Lantaldea, Bai Euskarari Akordioa Herrietan Lantaldea eta Euskararen Ofizialtasunaren Aldeko Lantaldea. Euskal Herriko 22 eragile sozialek parte hartu zuten Iruñean ospatu zen lehen sinatze ekitaldian, eta haien izenean egin zen hurrengo hilabeteetan atxikipen kanpaina: Athletic Club Bilbao, Aviron Bayonnais, Deportivo Alavés, Osasuna eta Real Sociedad kirol taldeak; Euskadiko Langile Komisioak (CC.OO), Conféderation Française Démocratique du Travail du Pays Basque (C.F.D.T), Euskal Herriko Nekazarien Elkartea (E.H.N.E), Euskal Langileen Alkartasuna (E.L.A.), Euskal Laborarien Batasuna (E.L.B.) eta Langile Abertzaleen Batzordeak (L.A.B) sindikatuak; Asociación Navarra de Empresas Laborales (A.N.E.L.), Agrupación de Sociedades Laborales de Euskadi (A.S.L.E), Euskadiko Kutxa-Caja Laboral, Hemen, Herrikoa eta Mondragon Corporación Cooperativa enpresa eta finantza erakundeak; Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola nahiz Iruñeko Elizbarrutiko Euskal Pastoraltzaren Saila, Zentro Erregionalen Federazioa eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua. UNESCOko Félix Martí Ambel, Linguapax Nazioarteko Batzordeko Lehendakaria izan zen lehen sinatze horretako ohorezko lekukoa. Bai Euskarari Akordioari baiezkoa eman ziotenak 687 izatera iritsi ziren handik bost hilabetetara eta aldi bereko izenpetzea ospatu zuten denek 1999ko maiatzaren 18an. Ondorengo testu honi atxiki zitzaizkion sinatzaileak: 1. Euskarak garapen osoa lor dezan bere normalizazioa behin betiko bideratuko duen prozesu batean eskuhartzeko konpromisoa adierazten dugu. 2. Prozesu hori hizkuntza normalizaziorako Plan Estrategiko bat prestatuz eta ezarriz burutuko dugu. Horren bitartez hizkuntzaren egoera sektorez sektore eta lurraldez lurralde aztertuko dugu, maila bakoitzean beharrezko neurri normalizatzaileak finkatuko ditugu eta horien arabera, plana diseinatzen eskuhartuko dugun gizarte-eragileok konpromiso zehatz eta borondatezkoak hartu eta praktikan ezarriko ditugu. Konpromiso hartze hori gizarte eragile bakoitzaren autonomia errespetatuz bideratuko da. Plan Estrategikoaren oinarria Eusko Jaurlaritzak onartu berria duen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia izango da Euskal Autonomia Erkidegoan. Era berean, Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko eratutako egitasmoekin eta Ipar Euskal Herrian, lehenbailehen, gauzatu behar den hizkuntza antolakuntzarako plangintzarekin koherentzian eta osasungarritasunez bideratzeko konpromisoa adierazten dugu. 3. Akordio eta konpromiso dinamika honetan euskal gizarteak bere hizkuntza berreskuratzeko duen borondate garbia islatu nahi da. Erabaki hori gizartearen adierazgarri diren gizarte eragileen eskuhartze zabalaren bitartez bideratu ahal izateko guztiei zabalik daude Bai Euskarari Akordioa eta ondoren burutuko den konpromiso prozesua. Hemen sinatzen dugun Bai Euskarari Akordio honek segurta dezala datorren menderako euskararen etorkizuna Euskal Herrian. Sinatzearen ondoren, Plan Estrategikoaren diseinu faseari ekin zitzaion; alde teknikoa LKS aholkularitzaren esku geratu zen. ■ Historia. 1997ko martxoan Donostian ospatutako Euskararen Unibertsoa jardunaldietan erabaki zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortzea. Urte hartako abenduaren 6an sortu zen Kontseilua Durangon eta orduan hautatu zen lehen urterako zuzendaritza. 1998ko martxoan osatu zen Idazkaritza Nagusia eta Xabier Mendiguren Bereziartu izendatu zen Idazkari Nagusi. Maiatzetik abendu arte Bai Euskarari Kanpaina garatu zuen Kontseiluak Euskal Herria osoan barna (mintegiak, festak, kirol ekitaldiak etab.); ondoren, abenduaren 21ean, Euskal Herriko hamar alderdi politikok Euskararen Normalizaziorako Konpromiso Politikoa izeneko agiria sinatu zuten Bilbon. Bi egun geroago, abenduaren 23an, hogeita bi gizarte eragilek Bai Euskarari Akordioaren lehen sinatzea egin zuten Iruñean. 120.000 pertsonek parte hartu zuten Bai Euskarari Kanpainari amaiera emateko Euskal Herriko bost futbol zelaitan ospatu zen ekitaldian. 1999ko otsailetik martxo arte Lanordu bat akordioaren alde kanpaina egin zuen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Kanpainaren helburua, Bai Euskarari Akordioa eta Plan Estrategikoa gauzatu ahal izateko dirua biltzea zen; azkenean, 181 milioi pezeta lortu ziren. Maiatzaren 19an Bai Euskarari Akordioaren bigarren sinatzea egin zen Hegoaldean eta abenduko 22 sinatzaileei beste 663 batu zitzaizkien. Honela bada, Plan Estrategikoaren lehen urratsari ekin zitzaion urte horretako ekainean eta hainbat hilabetetako lanaren ondoren abenduan amaitutzat eman zen Plan Estrategikoaren diseinua. Une horretatik aurrera, Bai Euskarari Akordioko sinatzaile bakoitzak zein neurri normalizatzaile onartzen zituen hausnartzeko epea hasi zen. Hegoaldeko prozesuaren ondoren, 2000ko otsailaren 25ean sinatu zen Iparraldean Bai Euskarari Akordioa. Kasu honetan, 201 eragile sozial atxiki zitzaien Akordioari eta Plan Estrategikoaren diseinua maiatzean hasi eta abenduan bukatu zuten. Bien bitartean, 2000ko ekainaren 13an Bai Euskarari Ziurtagira ematearen ekitaldia ospatu zen Donostiako Miramon Teknologia Parkean. Plan Estrategikoan proposatzen ziren gutxieneko neurriak hartu zituzten eragile sozialei euskararen kalitate ikurra eman zitzaien; guztira, 426 gizarte eragileri. ■ Plan estrategikoa. Lau printzipiotan oinarritzen da metodologia: 1. Partaidetza eta adostasuna; 2. Ikuspegi estrategikoa eta lehentasunen finkatzea; 3. Konpromiso indibidual eta zehatzak nork bere gain hartzea; 4. Etengabeko ebaluazioa eta eguneratzea. Euskararen Plan Estrategikoaren lehen fasean Euskal Herriko gizarte eragilerik garrantzitsuenak parte hartu zuten. Ondoren, herri mailako planei ekin zitzaien. Bost aldi nagusitan banatzen da Plan Estrategikoa: 1. Proiektuaren antolaketa epea edo aurrelan epea; 2. Aurrez zehaztutako sektore bakoitzean euskararen egoerari buruzko diagnostiko epea; 3. Arlo bakoitzean garatu beharreko helburuak eta ildo estrategikoak zehazteko epea; 4. Hausnarketa prozesuaren ondoren, ekintza planak zehazteko epea eta 5. Konpromisoak hartzeko epea. Hego Euskal Herrian garatutako Plan Estrategikoan 23 sektorek parte hartu zuten: unibertsitatea, formazioa, hezkuntza ez unibertsitarioa, prentsa, telebista, irratia, publizitatea, mundu asoziatiboa, ekitaldi antolatzaileak, gizarte mugimenduak, kirol federazioak (EAE eta Nafarroa bereizirik), kirol taldeak, kultura, zerbitzu orokorrak eta garraioak, mundu asistentziala, osasuna, elkargo profesionalak, finantza eta aseguruak, lan mundua, komertzioa eta ostalaritza, nekazaritza, gainazal handiak eta denda kateak, eta bereziak. Iparraldean, berriz, talde gutxiagotan bildu ziren gizarte eragileak.