Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskara

iz. Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan mintzatzen den hizkuntza.       
■ Azken hamarraldian, etengabe egin du gora Hego Euskal Herrian euskaldunen kopuruak eta euskararen hedapenak, nahiz eta bilakaera positibo hori nabarmenagoa izan EAEn Nafarroako Foru Erkidegoan baino. Ipar Euskal Herrian, ordea, atzeranzko prozesuan jarraitzen du euskarak, nahiz eta ahalegin herrikoi ugari egin diren gainbehera eten eta euskara berreskuratze bidean jartzeko. Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan eremu guztietan areagotu da euskararen presentzia. Nafarroan, artean, euskararen ofizialtasuna eta horri dagozkion babes neurriak eremu geografiko jakin batzuetara mugatuta daudenez legez, ahulagoa izan da euskararen berreskuratzea. Nolanahi ere, hizkuntzaren ezagutzaren zabalpena eta hizkuntzaren erabilera ez direnez erritmo berean hazi, erabilera bultzatzea da ekimen instituzional eta herrikoien kezka eta jarduera nagusien ardatza. ■ Euskararen bilakaera soziolinguistikoa. Hiru administrazio desberdinen pean garatzen den hizkuntza komunitatearen egoera ezagutzeko, saio garrantzitsua egin da 1990eko hamarkadan, alegia, 1991n eta 1996an EAEn, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian egin ziren soziolinguistikako inkesta bateratzaileak. 1996ko ikerketaren emaitzek adierazi zuten moduan, ikuspegi soziodemografikoaren, kultura nortasunaren nahiz hizkuntza gaitasunaren arabera egoera ez zen bat bera Euskal Herri osoan. Zenbait toki, giza multzo edo adin taldetan euskara biziki ari da berreskuratzen, baina beste zenbaitetan etengabea da galera. Hizkuntza gaitasunari dagokionez, Euskal Herriko biztanleen % 70 erdaldun elebakarra zen inkesta egin zen unean, % 21 elebiduna –hauetako % 40 erdal elebiduna, % 29 elebidun orekatua eta % 32 euskal elebiduna–, % 8 elebidun hartzailea eta % 1 bat baino ez zen euskaldun elebakarra. Egoera, ordea, asko aldatzen zen lurralde batetik bestera. Araban, esaterako, biztanleen % 85,4 erdaldun elebakarrak ziren eta elebidun hartzaileak –euskara ulertu bai baina erabiltzeko gai ez direnak­ – % 7,54 ziren, elebidunak baino gehiago. % 7,01 ziren, hain zuzen, elebidun, horietan % 5,17 erdal elebidun, euskal elebidunak eta elebidun orekatuak baino askoz ere gehiago. Nafarroan ere nahiko antzekoa zen egoera: % 85,87 erdal elebidun zeuden, % 4,58 elebidun hartzaile eta % 8,9 elebidun, nahiz eta Nafarroan oso orekatuta –ia herenka banatuta– egon erdal elebidunak, euskal elebidunak eta elebidun orekatuak. Bizkaia zen, Araba eta Nafarroaren ondoren, erdal elebakar gehien zituen lurraldea (% 75,98 erdaldun elebakar). Bizkaitarren % 15,83 zen elebiduna (% 4,66 euskal elebidunak, % 3,81 elebidun orekatuak eta % 7,37 erdal elebidunak), eta % 7,51 elebidun hartzailea. Gipuzkoan, berriz, oso orekatuta zeuden erdaldun elebakarrak eta elebidunak: % 41,7 elebidun (% 15,9 euskal elebidun, % 11,9 elebidun orekatu eta % 14,61 erdal elebidun) eta % 45,5 erdal elebakar. Gipuzkoarren % 10,7 elebidun hartzailea zen, Hego Euskal Herriko kopururik altuena. Ipar Euskal Herriari dagokionez, elebidun gehien zituen lurraldea Zuberoa zen (% 61,74, horietan % 15,94 euskal elebidunak, % 27,3 elebidun orekatuak eta % 18,5 erdal elebidunak), baita euskal elebakar gehien zituena ere (% 2,12, Euskal Herri osoko kopururik altuena). Zuberotarren % 22,62 baino ez zen erdaldun elebakarra, eta elebidun hartzaileak % 13,51 ziren. Nafarroa Beherean ere elebidunak ziren nagusi: % 59,47 (horietan % 22,1 euskal elebidun, % 21,5 elebidun orekatu eta % 14,9 erdal elebidun), erdaldun elebakarren % 35en aurrean; % 3,4 ziren elebidun hartzaile. Euskaldun gutxien zituen Ipar Euskal Herriko lurraldea Lapurdi zen. Bertan % 25,3 elebidun (% 4 euskal elebidun, % 11,77 elebidun orekatu eta % 9,52 erdal elebidun), % 7 elebidun hartzaile eta % 66,32 erdaldun elebakar zeuden. ■ Ehunekoak zenbaki absolutuetara eramanez gero, ordea, lurralde desberdinen pisu demografikoa euskararen kalterako da nabarmen. Hori dela eta, 1996ko inkestaren arabera 1.659.000 erdaldun elebakar zeuden Euskal Herrian, 505.200 elebidunen (159.200 euskal elebidun, 146.300 elebidun orekatu eta 199.700 erdal elebidun) eta 182.700 elebidun hartzaileren aldean. Argi gelditzen zen inkestaren emaitzetan gero eta elebidun gehiago dagoela, eta gero eta erdaldun elebakar gutxiago. Euskaldun elebakarrak, berriz (23.500), ia desagertzeraino ari dira gutxitzen. Ikuspegi horretatik ere bada alderik lurraldeen artean. Hizkuntza Politikarik eraginkorrena izan duen Euskal Autonomia Erkidegoan 1991n hamar urte lehenago baino ia 100.000 elebidun gehiago zeuden, zentsuaren datuen arabera. Haur eta gaztetxoen artean, gainera, bikoiztu egin da hamar urteren buruan adin talde horretako elebidunen kopurua eta, 5etik 14 urte bitarteko tartean, aurreneko aldiz, gehiago dira elebidunak erdaldun elebakarrak baino. Nafarroan ere elebidunak gero eta gehiago dira adin tarte horretan: 1986an % 12,2 ziren eta 1991n % 14,7. Ipar Euskal Herrian, ordea, euskararen galera ez da eten; hau da, gehiago dira belaunaldi baten buruan euskara galdu dutenak ikasi edo irabazi dutenak baino. Oso bestelakoa da, halaber, euskarak erabilerari dagokionez Ipar Euskal Herriko egoera, euskararen ezagutzan emandako aurrerapausoek ez baitute isla zuzenik izan erabileran. Elebidunek etxekoekin, seme-alabekin, irakasleekin, azokan eta antzeko hurbileko guneetan hitz egiten dute nagusiki euskaraz, baina zerbitzu publikoetan, dendetan, lagunartean edota lanean erdaraz egiten dute batez ere, edo erdaraz euskaraz hainbat. ■ Soziolinguistikako inkestak euskal herritarrek euskararekiko zuten jarrera ere aztertu zuen. Batez beste, % 47 euskara sustatzearen alde zegoen, nahiz eta interes maila desberdina izan. % 10 euskara sustatzearen oso aldeko zen eta interes handia zuen horretan; % 19k aldeko jarrera zuen, eta interes handia edo nahikoa; % 18k, aldeko izan arren, interes txikia zuen. Ez aldeko ez aurkako ziren % 30, eta horietako % 22k interes txikia zutela aitortzen zuten. % 24, berriz, euskara sustatzearen aurkako agertzen zen, eta inolako interesik ez zutela adierazten zuten, nahiz eta jarrera hori muturrera eramaten zutenak % 6 baino ez izan. Euskararen inguruko jarrera, hala ere, asko aldatzen zen lurralde batetik bestera. Aurkako jarrerarik nabarmenenak Nafarroan (% 54), Araban (% 27) eta Bizkaian (% 20) ageri ziren. Aldeko jarrera argiena, berriz, gipuzkoarrek zeukaten, % 42 baitzegoen erabat alde, eta interes handia zuela adierazten zuen. Nolanahi ere, interes maila desberdinean izan arren, euskara sustatzearen alde zegoen gehiengoa Gipuzkoan (% 60), Zuberoan (% 51), Bizkaian (% 51) eta Nafarroa Beherean (% 58). Oro har, epel agertzen zen lurralde guztietan biztanleen herena edo. ■ Euskara irakaskuntzan. Azken hamarkada bietan euskara azkar sartu da EAEko irakaskuntzan, eta Nafarroan ere aurrera egin du nabarmen, nahiz eta lurralde horretan indarrean dagoen Euskararen Legeak asko murriztu euskararen garapen aukerak ez-euskalduntzat hartzen den eremu zabalean, eta eremu mistoan ere ikasturtez ikasturte sortu euskararen sarreraren inguruko arazoak. Iparraldean, berriz, ikastolek jarraitzen dute euskarak irakaskuntzan duen presentzia bermatzen, eta azken urteotan ahalegin handiak egin dituzte euskarazko irakaskuntza bigarren mailako ikasketetara eramateko. EAEri dagokionez, nahitaezko irakaskuntza mailak aintzakotzat hartuz gero, ikusgarria izan da azken hogei urteotan euskara hutsezko D ereduaren edo B eredu elebidunaren igoera. 1982-83 ikasturtean, esate baterako, ikasleen % 74k erdarazko ereduetan ikasten zuen (A ereduan eta egun desagertuta dagoen X ereduan, alegia). B ereduak matrikulen % 10 hartzen zuen, eta D ereduak % 15 inguru. 1998-99 ikasturtean, berriz, guztiz bestelakoa zen egoera EAEn: D eredua zen nagusi, matrikulatuen % 43 hartuta; B eredua zetorren ondoren, matrikulatuen % 26rekin, eta A eredua ia erdira jaitsita zegoen, % 29ra. Oro har, egonkor iraun du B ereduak 90eko hamarkadan, eta D eredua izan da gehien hazi dena, A ereduaren kaltetan. Esan beharra dago, nolanahi ere, egoera asko aldatzen dela irakaskuntza sarearen eta ikasketa mailaren arabera, irakaskuntza pribatuan publikoan baino presentzia handiagoa baitute euskarari lehentasuna ematen dioten ereduek. Era berean, ikasketa mailan gora egin ahala, ahuldu egiten da euskararen presentzia bigarren mailako hezkuntzan, eta, hortaz, lanbide heziketan eta unibertsitate mailako ikasketetan txikiagoa da. Nafarroari dagokionez, etengabe handitu da azken urteotan euskarazko ereduetan matrikulazioa. Lau eredu daude Nafarroan hizkuntzari dagokionez: gaztelera hutsezko G eredua; euskara hutsezko D eredua; gaztelerazkoa izan arren euskara irakasgai bezala erakusten duen A eredua, eta ia desagertuta dagoen B eredua, ikasgaien erdia gazteleraz eta beste erdia euskaraz eskaintzen dituena. 1990. urtetik 2000. urte bitartean, 25,6 puntu galdu ditu gaztelera hutsezko G ereduak A eta D ereduen mesedetan. 1999-2000 ikasturtean, esaterako, D eredua izan zen matrikulazio berrietan igo zen bakarra: 1,8 puntu igo zen eskaera, aurreko hamar urteetako igoerarik handiena (guztira, 11,5 puntu hazi da D eredua). Eredu hori da argi eta garbi nagusi eremu euskalduneko irakaskuntzan, ikasturte horretan matrikulazioen % 90 berenagatu baitzituen, eta eremu mistoan ere matrikulazioen % 34 hartzen baitzituen, nahiz eta gero garatzeko arazoak sortu maiz. Iparraldean, berriz, haurren % 10tik gora eskolatzen da ia ikastoletan, eta Hezkuntza Nazionalari atxikitako ikasgela elebidunetan. ■ Helduen euskalduntze eta alfabetazea. Euskararen bilakaera soziodemografikoaren arabera, azken ikasturteotan ikasleak galtzen joan dira poliki-poliki EAEn helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sarean diharduten euskaltegi eta ikastegiak. EAEn diharduen HABE erakundearen datuen arabera, 1993-94 ikasturtean 164 euskaltegi eta 56.261 ikasle zituen sare horrek Euskal Autonomia Erkidegoan; 1998-99 ikasturtean, berriz, 141 euskaltegi eta 51.444 ikasle zeuden. Ikasturte horretan, Euskal Herri osoan diharduen Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) 14.000 ikasle zituen euskararen eremu osoan. Nolanahi ere, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen bilakaeraren ezaugarririk nabarmenena ez da ikasle galera hori, alorrak berak izan dituen aldaketak baizik. Azken urteotan, areagotu egin da sarea osatzen duten eragileen arteko elkarlana alor didaktikoari eta kurrikulumari dagokionez. EAEn, sare hori udalen esku dauden euskaltegi publikoek eta gehienbat hiru saretan biltzen diren euskaltegi pribatuek –homologatu zein libreek– osatzen zuten: AEK (72 euskaltegi, guztien erdia baino gehiago), Bertan (15 euskaltegi) eta IKA (3 euskaltegi). Horrez gainera, behar berriei egokitu zaie helduen euskalduntzea, alor desberdinei egokitutako ikastaro bereziak eskainiz, teknologia berriak euskararen irakaskuntzan txertatuz, irakasleen prestakuntza areagotuz… ■ Euskararen normalizazioa. Euskararen egoera juridikoak ez du aldaketa handirik izan azken urteotan, Nafarroako Foru Erkidegoan 2001. urtean ezarri zitzaizkion murrizpenak izan ezik. Jakina denez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan euskarak duen ofizialtasun bikoitza 1978ko Espainiako Erresumako konstituzioan, Euskal Herriko Autonomia Estatutuan eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan ezartzen da, eta orobat EAEn zein Nafarroan euskararen ofizialtasuna arautzen duten legeetan. Ipar Euskal Herrian euskarak ez du inolako ofizialtasunik, frantsesa baita Frantziako Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra. Nafarroan, halere, gaztelera da hizkuntza ofiziala, eta euskarak legez finkatutako eremu euskaldunean baino ez du ofizialtasun maila erdiesten. Lege berak zehazten duen eremu mistoan maila apalagoa du euskarak administrazioan zein hezkuntzan. Izan ere, 2001. urteko urtarrilean indarrean sartu zen 2000ko Foru Dekretu baten bidez murriztu egin zituen Nafarroako Gobernuak administrazioak eremu mistoan euskararekiko zituen betebeharrak, protesta kanpaina eta ekitaldiak eragin zituen gertaera. Euskararen legezko egoera horretan baino aldatu ez bada, euskara normalizatzeko baliabide garrantzitsuak jarri dira abian Euskal Herrian. ■ Administrazioaren ekimenari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu zuen Eusko Jaurlaritzak 1998an –Euskararen Aholku Batzordeak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean egina–, eta Eusko Legebiltzarrak 1999ko abenduan berretsi zuen. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren helburua euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea zen; euskararen berreskuratze osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea, alegia. Euskararen ezagupenaren inguruko zenbakizko datu pozgarriek ezkutatzen ez zuten kezkak eragin zuen Plan Nagusia, hau da, ezagutzaren eta erabileraren arteko desorekak. Izan ere, Plan Nagusiak kezkagarritzat hartzen zuen euskarak hainbat gizarte esparrutan zuen presentzia ahula, eta hori areagotzeko sektorekako neurriak proposatzen zituen, hiru helburu estrategiko betetzeko: euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatzea; euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza indartzea, belaunaldi berrietako euskaldunak heldu-arora iristen direnean erabilera eremu guztietan euskara gaztelania bezain baliozko eta atsegin izan dezaten; eta, azkenik, euskara bera elikatzea, liburu, komunikabide eta abarren bidez. Euskal Herri osoa bere baitan hartzen duen beste ekimen batek ere euskararekiko konpromiso soziala areagotzea eta hizkuntzaren erabilera esparru guztietan normalizatzea du helburua: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta horrek bultzatutako Bai Euskarari Akordioak (ik. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua; ik. Bai Euskarari Akordioa). ■ Euskararen normalizazio linguistikoa. Aipagarriak dira azken hamarkadan euskararen normalizazio eta estandarizazio linguistikoan egin diren urratsak. 1993an, Leioan egin zuen Biltzar Nagusian, euskarari buruzko arau eta gomendioak birraztertzea, gaurkotzea, finkatzea eta gizarteratzea erabaki zuen Euskaltzaindiak. Orduz geroztik, euskararen erabilera zuzena bermatzen duten arau eta gomendio asko kaleratu ditu, inoiz ez bezalako maiztasunez eta finkotasunez, eta esan daiteke halaber inoiz baino erabiltzaile kopuru zabalagora heldu direla erabaki eta gomendio horiek 1990eko hamarkadan. Dinamika horren barruan, Hiztegi Batuaren osaketan ere aurrera egin du Euskaltzaindiak. 2000. urtean, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren 45. liburuki bilakatuta jendarteratu zuen Euskararen Akademiak euskal hitzen, aldaeren eta horien guztien erabileraren zuzentasuna edo egokitasuna erabakitzeko irizpidea, euskararen erabiltzaileen esku baliabide guztiz lagungarria jarriz. Horrez gainera, aurrera darraite, ohiko jardunaz gainera,eta beste askoren artean, Euskaltzaindiak bere gain hartu dituen Orotariko Euskal Hiztegiaren osaketak eta Euskal Herriko Hizkuntza Atlasak, 2004. urterako amaituta egongo dena. ■ Euskarazko kultura produkzioa. Pixkanaka bada ere, euskara esparru berrietara zabaltzen hasi da azken urteotan, eta oinarrizko kultura produkzioari ere –liburugintzari eta diskogintzari, batez ere– kemen handiaz eutsi dio. Komunikabideei dagokienez, aparteko indarra hartu dute herri eta eskualde mailako aldizkari zein irratiek, eta horrexek aldatu du gehienbat euskarazko komunikabideen esparrua. Teknologia berriei lotutako ekoizpenetan –Internet, CD-Rom, ordenagailuetarako jokoak eta softwarea…– mantsoago ari da euskara garatzen, baina urrats handiak egin ditu azken urteotan. Kulturazko produkzioaren oinarrizko osagarri den liburugintzan, urteko 1.100 liburu inguru argitaratu dira euskaraz, batez beste, 90eko hamarkadan. Jakin aldizkariak urtero egin ohi duen euskarazko liburugintzari buruzko azterketan eskaini dituen datuen arabera, 1998an 1.458 liburu argitaratu ziren, euskarazkoak nahiz elebidunak, Euskal Herrian, aurreko urtean baino 229 titulu gehiago. Horietako 1.025 titulu berriak ziren, eta 433 berrargitalpenak. Liburu produkzioaren igoera, beraz, % 18,6koa izan zen 1998an 1997koarekin alderatuz gero. Hamarkadako batez bestekoa ere aise gainditu zuen 1998ko uzta oparoak. Hala ere, gazi-gozoak dira datuok, tituluen kopuruak gora egin arren argitaraldiak gero eta txikiagoak baitira. Tituluen ugaltze horrek lotura zuzena du euskarak irakaskuntzan duen presentziaren handitzearekin, produkzioaren herena baino gehiago irakaskuntzaren inguruko liburuek hartu baitzuten. Bigarren lekuan, laurdenarekin, haur eta gazteei zuzendutako liburuak zeuden, eta hirugarren arlo garrantzitsua –hiru horien artean biltzen dute guztizko produkzioaren % 72– helduen literaturari eskainia zen, nahiz eta multzo horrek behera egin urtez urte azkenaldi honetan.  v  Euskal Herriko hizkuntza. Euskalerriko hegoaldean Gipuzkoako eskualdean, Bizkaiko eta Nafarroako parte batzuetan, eta Arabako mutur batean, eta iparraldean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan hitz egiten da euskara. Estatistikari begiratuta, euskaraz hitz egiten dutenen kopurua 1.000.000 pertsona ingurukoa da, eta gehienak elebidunak dira. Europako hego mendebalean, lurralde hori erromatartua izan aurretik, hitz egiten ziren hizkuntzetatik geratzen den bakarra da. Espainiako eta Frantziako estatuen artean kokatzen den 10.000 km2-tako lurralde estuan hitz egiten da. Lurralde horretatik kanpo, oso gutxi dira euskaraz hitz egiten dutenak. Louis Lucien Bonaparte printze filologoaren XIX. mendeko sailkapenaren arabera, euskarak zortzi dialekto edo euskalki ditu. Euskara ofiziala izan zen epe labur batean (1936-37) Espainiako Gerra Zibilaren garaian, gobernu autonomoaren agintaldian. 1978az geroztik euskara, gaztelaniarekin batera, Euskal Herriko Autonomia Elkartearen (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba) hizkuntza ofiziala da. Nafarroako legedian (Foruen Hobekuntzarako legeea, 1982) kontuan hartzen dira euskara gorde duten lurraldeak, eta euskara ofiziala da, gaztelaniarekin batera, lurralde horietan (Euskararen legea, 1986). Euskal Herriko iparraldean ez dago euskararen legerik, eta frantsesa da hango hizkuntza ofizial bakarra.  v  Jatorria eta sailkapena. Euskara ahaiderik ez duen hizkuntza bakartua da. Hugo Schuchardt (1842-1927) alemaniar filologoak euskara eta iberiar hizkuntza, eta euskara eta hizkuntza kamito-semitikoak (afrikar-asiarrak) jatorri berekoak zirela proposatu zuen. Beste teoria batek euskara eta Kaukasoko hizkuntzen arteko harremanak frogatu nahi izan zituen. Schuchardtek euskara eta hizkuntza kamito-semitikoen arteko harremanak frogatzeko hizkuntza ezaugarririk aurkitu ez zuenez gero, zalantzan geratu zen haren hipotesia. Arrazoizkoagoak dirudite euskarak Kaukasoko hizkuntzekin izan ditzakeen jatorrizko harremanak, baina urruti dagoela dirudi euskararen jatorria azaltzeko teoria ziurra. Bestalde, euskara eta antzinako iberiarraren (ekialdeko Espainian eta Frantziako Mediterraneoko kostaldean antzina hitz egiten zen hizkuntza) arteko hizkuntza harremanak froga daitezke. Baina fonetikan diren antza harrigarriak alde batera utzita, ezer gutxi lagundu du euskarak iberiar zaharreko testuen ulermena argitzen. Kidetasun horiek bi hizkuntzen artean harreman zuzenak izan zirela frogatuko lukete, baina ez bi hizkuntzen jatorria bera zenik.  v  Hizkuntzaren historia. Kristau Aroaren hasieran, euskal dialektoak Pirinioetako bi aldeetan, iparraldean eta hegoaldean, hitz egiten ziren dirudienez, eta euskara Pirinioetako ekialdetik Arango ibarreraino iristen zen. Ziurrenik, lurralde hauetan Erromako administrazioak izan zuen eragin txikiak galarazi zuen euskal dialektoak latinak irentsiak izatea. Euskara bestalde garrantzi handikoa izan zen bere lurraldean (Basconia), eta hego-mendebalerantz izan zuen hedadura (Goi-Errioxaraino eta Gaztela Zaharreko ia Burgoseraino iritsi zen). Erromantzeak hitz egiten ziren gune nagusietatik kanpo, ekialdeko lurraldeetan hitz egiten zen euskara desagertu egin zen. Erdi Aroan euskara nekazarien artekoa zen batez ere, eta ez hiritarra, eta horrenbestez, ezin izan zien aurre egin latinari eta haren ondorengo hizkuntzei (Nafarroako erromantzea eta, neurri batean, okzitaniera). X. mendeaz geroztik hegoaldean, atzera egin du gaztelaniaren aurrean; iparraldean, berriz, euskararen eremua XVI. mendeko eremu bera da, azken aldian frantsesa euskararen aurka lehian ari bada ere. Azken bi mendeetan, batez ere industria den lekuetan, euskarak nekez iraun du, bai ingurune euskaldunetan eta baita ere euskararen muga zirenetan.  v  Frantziako hego-mendebalean aurkitu diren erromatarren garaiko idazkietan euskal etimologiako hitz ulergaitz batzuk azaltzen dira, eta K.a. 1000. urtetik aurrera, euskal izen propio eta esaldi gero eta gehiago aurki daitezke. Euskarazko lehen liburua 1545. urtekoa da, eta hark eman zion hasiera handik aurrera etenik izango ez zuen jardunari. Hala ere, euskal literaturak erlijioarekin zerikusi handia izan du, eta ez du ia gaur arte ugaritasun askorik izan. Azken urteetan lan handiak egin dira euskara irakaskuntzan erabiltzeko; euskarazko (-ren) irakaskuntza Euskal Herri osora dago hedatua, eta euskara hutsez ikasten duten ikasleen batez besteko kopurua % 25ekoa da oinarrizko irakaskuntzan eta erdi mailakoan. Orobat, ahalegin handiak egin dira hizkuntza estandarra edo euskara batua prestatu eta zabaltzeko: Euskal Telebistak kate bat du euskaraz, badira euskara hutsez ari diren irratiak, egunkari bat (Egunkaria) v  Fonologia. Euskarazko hotsen sistema gaztelaniaren osoaren antzekoa da. Hotsen multzoa ez da beste hizkuntzen ondoan oso zabala. Esan daiteke zenbait kontsonante multzo (tr, pl, dr, eta bl,) ez zirela euskaraz erabiltzen duela bi mila urte. Gaurko euskararen sistemak 5 bokal ditu, eta kontsonante leherkarien bi sail, ozenak (b,d,g,) eta gorrak (p, t, k). Sudurkariak m,  v , eta ñ dira. Bi l mota dira, albokaria eta sabaikaria. Euskarak r, bibrazio soila duena, eta rr edo bibrazio aniztuna bereizten ditu. Txistukariak z (mihiaurreko frikaria), tz (mihiaurreko afrikaria), s (apikari frikaria) eta ts (apikari afrikaria) dira. Horiez gainera,bi txetxekari ditu euskarak: x eta tx. Azken bi kontsonante horiek, ll eta ñ-rekin batera, indar adierazkorra duten kontsonanteen multzoa osatzen dute. Euskalki batzuetan gainera, beste zenbait fonetika ezaugarri dituzte: Zuberoako euskalkian, euskara barnean sortuta edo alboko hizkuntzen eraginez, seigarren bokal bat dute (e edoi biribildua), bokal sudurkariak, txistukari ozenak eta leherkari hasperendun gorrak. Horiez gainera, hitz hasierako eta bokal arteko h hasperenduna, garai batean euskalki guztietan erabiltzen zena, gaur egun iparraldeko euskalkietan besterik ez da gorde. Fonema hori euskara estandarrean gorde da.  v  Gramatika. Bi ezaugarri nagusi ditu euskararen gramatikak: ergatibodun hizkuntza izatea eta aditzak bere baitan esaldiko elementuak biltzea. Ergatiboa ekintzaren eragilearen gramatika kasua da (-k atzizkia da ergatiboaren ezaugarria) eta aditz iragankorraren subjektuan agertzen da. Euskal aditzak hiru pertsonen ezaugarriak hartzen ditu (1goa, 2.a eta 3.a) eta hiru sintaxi erreferentzia (subjektua, objektu zuzena eta zeharkako objektua): da (hura), du (hark-hura) dio (hark-hari-hura); entzulearen ereferentziak ere har ditzake. Bestalde, esan daiteke euskara batez ere hizkuntza atzizkiduna dela, deklinabide atzizkiduna du, eta atzizkien bidez adierazten ditu zenbakia eta gramatika kasuak (txe-a, etxe berri-a-ri). Genitiboaren -ren atzizkia, jabetza adierazten duena, teorian izenari nahi adina aldiz erants dakioke. Aditzak ere hartzen ditu izen atzizkiak aditz hori azaltzen den perpausen mendekotasuna adierazteko; funtzio hori bera betetzen dute baita ere zenbait aurrizkik.  v  Hiztegia. Euskarak bere itxura berezia gorde du, 2.000 urte luzeetan gutxienez inguruko hizkuntzen eragina handia izan arren. Hala ere, auzoko hizkuntzetatik hartutako hitzak eta esapideak oso ugariak dira. Erromantze hizkuntzetako maileguak ugari dira, eta horietako batzuek latin zaharraren aztarna dute (bake < pax,pacis; bike < pix, picis). Aldiz, indo-europar mailegu oso gutxi ditu. Eratorpena, alegia, hitz berriak atzizkien bidez osatzea, atzizki mailegatuak erabilita ere egiten da neurri batean. Eratorpenaz gainera, elkarketa ere hitz berriak sortzeko oso baliabide emankorra izan da euskararen historia osoan. Bestalde, euskarak hitz gutxi batzuk eman dizkio gaztelaniari, okzitanierari, frantsesari eta ingelesari. Baina familia izenak eta leku izen euskaldunak maiz ageri dira Espainian eta Hego Ameriketan.  v  Euskal literatura. Euskal literatura idatzirik ez zen izan XVI. mendea arte aurretik ahozko tradizio aberats baten aztarrenak baldin badira ere. Bernart Etxepare izan zen lehen euskal idazle ezaguna; Linguae vasconum primitiae (1545) da haren liburuaren izena. Etxepareren olerkigintzari, ahozko tradiziotik gertu, Erdi Aroko tankera hartzen zaio. Errenazimentuaren lilura ere igartzen zaio, ordea, inprentarekiko atxikimenduan. Ezagutzen den bigarren euskal idazleak, Ioanes Leizarragak, erreforma protestantearen ondorioz egin zuen lan. Joana Albretekoak Kalbinoren Erreforma onetsi zuen, eta Itun Berriaren itzulpena agindu zioten Leizarragari (1571). Bertan, lehen aldiz, hizkuntza landu baten eredua ematen da. XVII. mendean idazlanak eta idazleak ugaritu egin ziren Lapurdiko Sara herria ardatz zutela, eta hori dela eta «Sarako eskola» deitu izan zaio idazle talde horri. Ziburuko Etxeberrik eragin zuzena izan zuen taldean, adinez zaharrena ere bera baitzen, nahiz eta olerki liburuak bakarrik idatzi zituen. Hala ere, idazlerik garrantzitsuena Pedro Axular Sarako erretorea izan zen eta haren liburuak (1643, Gero), Leizarragarena baino herrikoiagoa zen hizkuntza molde bat osatu zuen, dotorea hala ere, prosa barrokoaren eredu. Frai Luis de Granadaren eragina ikusi izan da lan horretan. Sarako eraginetik kanpo, Zuberoako Arnaut Oihenartek (1592-1667) historialariak eta esaera zaharren biltzaileak, olerki bilduma bat osatu zuen, eta baita Art poètique bat ere, klasizismoari atxikia. Lehen euskal idazle ez erlijiosoa da Oihenart; amodiozko gaiak erabili zituen olerkietan hizkera landu batez.  v  XVIII. mendean, literaturaren ardatza iparraldetik hegoaldera aldatu zen, iparraldean Utrech-ko itunaz gero ekonomiak behera egin baitzuen. Hala ere aipatu beharrekoa da Joannes Etxeberri Sarakoa (1668-1749). Etxeberriren testuetan euskararen apologia egiten da, baina ordu arte ez bezala, euskaraz. Arrazoiaren garaia zen hura, Neoklasizismoarena; hiztegi eta gramatika ugari egin ziren, eta horretan aritu zen Etxeberri ere. Gipuzkoan Manuel Larramendi ere lan horretan aritu zen. El imposible vencido (1729) eta Diccionario Trilingüe (1745) lanek erabateko eragina izan zuten gerora. Lan gutxi batzuk kenduta ia ezer ez zuen Larramendik euskaraz idatzi, baina bere ondorengoak euskaraz idaztera bultzatu zituen. Hala, Larramendiren ondorengoen artean sortu ziren bizkaiera eta gipuzkera literarioa; elizgizonak ziren denak: Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos, Añibarro… Mende hartan bertan antzerkia sortu zen P.I. Barrutiaren eta Xabier Munibe Peñafloridako kondearen eskutik. Arrasateko notarioak Acto para la Noche Buena idatzi zuen antzerki teknika modernoz taxutua, Arrasateko herriak antzez zezan Gabon egunean. Peñafloridako kondeak, berriz, irri opera bat idatzi zuen, elebiduna, El borracho burlado (1762). 1801ean Juan Antonio Mogelek Peru Abarka idatzi zuen, nahiz eta ez zen argitaratu 80 urte pasa arte. Bertan bi pertsonaien arteko elkarrizketa bidez bi mundu kontrajartzen dira, baserria eta kalea; Mogelek beti lehenaren alde egingo du. Peru Abarka izan da askorentzat lehen euskal eleberria. XIX. mendeko lehen urteetan apaiz askok idatzi zuten asmo didaktikoz: gipuzkeraz esaterako, Juan Bautista Agirre, Lardizabal eta Gerrikok; bizkaieraz Mogeldarrez gainera, Añibarro, Frai Bartolome Santa Teresa, eta Astarloak; eta goi-nafarreraz, Lizarraga Elkanokoak. Erromantizismoak irudi berri bat sortu zuen: idazleen babeslea (D’Abbadie eta Bonaparte esaterako). Lore jokoak antolatzen zituzten eta lanak agintzen. Horrekin batera olerkigintzaren edo bertsogintzaren loraldi bat izan zen. Poeta erromantikoak dira Etxahun, Iztueta, Bilintx eta Iparragirre, besteak beste. Garai hartan Hiribarrenek euskaldunen deskripzioa egin zuen bertsoetan eta epikaren bidetik. 1859an Bonaparte printzearen laguntzari esker, Duvoisin kapitainak Biblia osoaren itzulpena bukatu zuen.  v  XIX. mendearen bukaera aldera nazionalismoak eragin handia izan zuen, bai hizkuntzaren baitan, nola gaien aukeran ere. XX. mendearen hasieran izen bat agertzen den besteen gainetik eleberrigintzan: Domingo Agirre. Haren eleberrietan baserria bukolikoa da eta kalea, berriz, gizona gaizto dadin leku aproposa. Ohitura eleberriak dira batez ere Agirrerenak. Aipatu behar dira sasoi hartan, egin zuten lan eragilearengatik, R. Mª Azkue eta Julio Urkixo. Espainiako Gerra Zibilaren aurretik, olerkari belaunaldi bat izan zen, betiere abertzaletasunaren esparruan, hizkera poetiko berri bat egiten saiatu zena. Belaunaldi hartakoak dira Lauaxeta (1905-1937) eta Lizardi (1896-1933), sinbolismoaren ildotik izadiaren deskripzio sakonak egin zituztenak. Garai hartako beste idazle garrantzizko bat Orixe da, klasikotasunaren zaleago. Gerrak eten zuen belaunaldi haren liburu argitaralpena, eta atzera, atzerrian hasi ziren arte euskal liburuak argitaratzen.  v  1957an Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuen. Aro berri bat hasi zen eleberrigintzan, Europako mugimenduekin lotuagoa, Frantziako esistentzialismoa oinarri hartuta. Joera modernozale hori Ramon Saizarbitoriak areagotu zuen Egunero hasten delako (1969) eleberriarekin. Poemagintzan bi idazle dira nagusi, Gabriel Aresti (1933-1975) eta Jon Mirande (1925-1972). Lehena errealismoaren bidetik gizarteari lotzen zaio, eta, bigarrena, jarrera horietatik urruti, paganismoa eta kristautasunaren kontrako jardunari. Azken urteetan ugaritu egin dira idazleak eta idazlanak, eta haien kalitatea hobea da batez beste. Hitz lauzko idazleen artean aipatzekoak dira, beste askoren artean, Bernardo Atxaga, Joan Mari Irigoien eta Anjel Lertxundi, eta poesian Joseba Sarrionandia, Juan Mari Lekuona eta Koldo Izagirre. Sarri, idazleok genero bat baino gehiago lantzen dute. Bernardo Atxagak 1988an Obabakoak izeneko ipuin bilduma argitaratu zuen. Urte hartan bertan Espainiako Literatura sari Nazionala eman zioten bildumari; harrez geroztik hizkuntza askotara itzulia izan da, eta inoiz euskal liburu batek lortu duen arrakastarik handiena eskuratu du.