Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskaltzaindi

iz. Euskararen akademia.  v  Euskal hizkuntzaz arduratzen zirenen artean aspaldidanik ikusi zen hizkuntza hori bultzatzeko akademia baten beharra. Jose Paulo de Ulibarri y Galindez Abandoko errementariak (1775-1847), esaterako, behin eta berriz aipatzen du horren beharra bere idazkietan: “Ogueta lau guizon bear dira icentau, Guernicaco bazarrean euzkeraren ganean eguiteco aleguiń au”. Aizkibel azkoitiarrak (1798-1864) ere gauza bera zioen, eta betiere euskara estandar baten beharra aipatuz. L. L. Bonaparte printzeak (1813-1891) egindako eta agindutako lanek ere helburu bera zuten funtsean. A. d’Abbadie eta J. Duvoisinek kontu bera aipatzen dute. J. Manterola (1849-1884) ere akademiaren hutsaz arduratzen da bere kantutegian: “La falta de una Academia que regulara la parte material de la escritura…”. Ideia horiek han-hemenka gorpuztuz joan ziren urteetan zehar. Adolfo Gabriel Urquijok, Bizkaiko Diputazioko buru zela, euskararen akademia baten estatutuak idatzi zituen 1907an. 1911nn sortu zen Baionan Cercle d’Etudes Euskariennes delakoa. Euskal Esnalea aldizkariak galdekizun bat zabaldu zuen zenbait aletan euskararen akademiaren beharraz (1913). Erantzunak aldekoak izan ziren denak. 1918ko urtarrilaren 25ean Cosme de Elguezábal eta Félix Landaburu foru diputatuek, euskaraz egindako proposamen bati jarraiki, beste hiru diputazioekin batera akademia sortu eta mantentzea erabaki zuten. Eusko Ikaskuntzaren I. Batzarra Ońatin egiteko agindua zenez gero, erakunde horren eskuetan utzi zen erabakia gauzatzea. Eusko Ikaskuntzak egindako proiektuen ondorioz sortu zen azkenean 1919an Euskaltzaindia, lau diputazioen babesean. Lehenbiziko lau akademiko sortzaileak R. M. Azkue, A. Campión, L. Eleizalde eta J. Urquijo izan ziren eta sortze bileran berean izendatu ziren hurrengo zortziak: D. Agirre, P. Broussain, Adéma apaiza, R. Inzagaray, J. Aguerre, J.B. Eguzquiza, R. Olabide eta P. Lhande. Euskaltzaindiak izendatu zituen hurrengo lauak, hutsarteak betetzeko oraingoan, S. Altube, D. Inza, G. Lacombe eta M. Landerretxe izan ziren.  v  Lehenbiziko euskaltzainburua R.M. Azkue izan zen 1919tik 1951n arte eta haren ondorengoak dira Ignacio M. Etxaide (1952-1962), José M. Lojendio (1963-65), Manuel Lekuona (1966-1970), L. Villasante (1970-1988) eta 1988tik J. Haritschelhar.  v  Helburuak. Hego Euskal Herrian ofizialki onartuta dago euskal hizkuntzaren akademia gisa; Ipar Euskal Herrian, berriz, 1992. urtearen bukaerarako uste da lortuko dela onespen hori. 1976ko otsailaren 26ko Juan Karlos erregearen Dekretu batek onarturiko estatutuek zehazten dituzte Euskaltzaindiak, erakunde den aldetik, dituen helburuak: euskararen gramatika legeak ikertu eta mamitzea; idazlangintzarako arauak ematea; hiztegia biltzea; literatura hizkera baturako lan egitea; hizkuntza eskubideak zaintzea; euskararen erabilera aitzinatzea; filologia lanak egitea; titulu eta agiriak ematea, eta abar. Helburu hauetako asko, gaur egun, bestelako erakundeek betetzen dituzte: euskararen irakaskuntza, esaterako, garai batean Euskaltzaindiaren esku bazen ere gaur egun gobernuek, AEK bezalako erakundeek, euskaltegiek, eta abarrek egiten dute; unibertsitateetan ere euskal filologiako ikasketen lizentzia eta doktoretza ematen da; bertsolariek berek antolatzen dute gaur egun bertsogintza; euskal liburu gehienak euskal argitaletxeek ematen dituzte argitara; bada telebista, irratia eta prentsa euskaraz, eta abar. Hala ere, batasunaren bidean aurreratzea izan da Euskaltzaindiaren eginkizun nagusietako bat. Hainbat eredu proposatu izan den arren (Azkueren “gipuzkera osatua”, Krutwigen lapurtera klasikoa, besteak beste), Euskaltzaindiak 1968an bere urrezko ezteiak ospatzeko Gabriel Arestiren proposamenduz, egin zen batzar handi bat Arantzazun eta bertan finkatu ziren, batez ere Mitxelenaren lanari esker, euskara batuaren oinarriak, harrezkero idazle gehienek segitzen dituztenak. Han emandako urratsetan sakontzen segitzen du Euskaltzaindiak gaur egun. Horretarako Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta lau diputazioekin izenpeturiko hitzarmen bati esker hartzen ditu behar dituen dirulaguntzak langileria eta egoitzak mantentzeko eta proiektuak finantziatzeko.  v  Euskaltzainak. Euskaltzainen artean mota bat baino gehiago dago. Euskaltzain osoek dute botoa eta erabakiak hartzeko aginpidea. Gaur egun hogeita lau dira denetara: P. Altuna, J.A. Arana, M. Azkarate, P. Charriton, J.L. Davant, X. Diharce “Iratzeder”, E. Erkiaga, J. Haritschelhar (burua), A. Irigoien, E. Knörr, F. Krutwig, A. M. Labayen, E. Larre, J.M. Lekuona, F. Ondarra, Tx. Peillen, P. Salaburu, J.San Martin, I. Sarasola, J. M. Satrustegi, L. Villasante eta A. Zabala. Badira euskaltzain ohorezkoak ere (Alličres, “Basarri”, Martinet, Yrizar, Etxaide, etab.) eta euskaltzain urgazleak.  v  Lanak. Bi sail nagusi ditu Euskaltzaindiak, Jagon Saila eta Iker Saila, eta hauen inguruan egituratzen dira hainbat batzorde. Batzorde hauetan euskaltzainek eta euskaltzain ez direnek egiten dute lan: Hiztegigintza batzordea, Gramatika batzordea, Euskara Batuko batzordea, Literatura batzordea, Onomastika batzordea, etab. Batzorde hauen lanaren fruitu ari dira ikertzen eta argitara ematen hainbat eta hainbat lan: Orotariko Euskal Hiztegia; Euskal Gramatika. Lehen Urratsak; Toponimiako zenbait liburu, Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa; Lexikologi Erizpideen Finkapena; Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa, e.a. Azken urteotan inoiz ere egin ez diren ikerketak egiten ari da Euskaltzaindia. Erakunde horren eta Euskal Herriko unibertsitateetako ikerlarien artean lotura estuak daude eta unibertsitateko irakasle asko euskaltzain da gaur egun oso nahiz urgazle edo ohorezko. Horretaz gain, etengabeko kontsultei erantzuna ematen saiatzen da Euskaltzaindia. Euskara da Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala, gaur egun urtean hiru aldiz plazaratzen da.