Eufrates
(Turkieraz, Firat; Ar., al-Furat) Asiako mendebaleko ibaia (2.330 km). Armenian sortzen da, eta bi beso ditu sorburuan: Karasu eta Murat, Elazig-eko ipar-mendebalean elkartzen direnak. Tauro mendiak gurutzatu eta Siria eta Iraken sartzen da, eta Persiako Golkoan isurtzen du bere ura. Karasu, edo Sartaldeko Eufrates, 3.290 metrotako goratasunean jaiotzen da Kargazapi Dag-en, eta 442 km egin ondoren, Keban ondoan, Ala Dag-en, Turkiako ekialdean, Van aintziraren iparrean jaiotzen den Murat, Ekialdeko Eufrates deituarekin bat egiten du. Iraken, 1.200 kilometroetan, Tigrisekin Mesopotamia irakiarra osatzen du. Beheko ibilguan, beso ugari ditu eta padurak eta zingirak eratzen ditu. Ur handiek sortzen dituzten uholdeak saihesteko, urtegiak egin dira, urak beste guneetara eramanez. Leinu beduino ugari kokatu da Eufrates ibaiaren ibarretan; Babilonia ere haren ur bazterretan eraikia zegoen.