eugenesia
iz. Genet. Giza ernalketarako aurrerapenak ikertzen dituen jakintza, batez ere jaiotzezko eritasunen legeak eta ezaugarriak ezagutzeko. 1950. urtearen ingurura arte ondorengo belaunaldien hobetze psikikoa eta fisikoa izan zen jakintza horren helburu nagusia, baina geroztik genetikaren bidez igarotzen diren gaixotasunak (hemofilia, adibidez) aztertu ditu batez ere eugenesiak. Eugenesiaren hasierako helburua gaitzetsia izan da, giza arraza hobetzeko egin nahi ziren ikerketak, zientziakoak ez ziren helburuetarako erabiltzeko arriskua ikusten baitzen. ■ Biol. Ondoretasunari buruzko ikerketa giza arrazaren kualitateak hobetzeko erabiltzean datza eugenesia. Eugenesiaren ideia Platonen Errepublika liburuan dagoeneko azaltzen bazen ere, egunesiari buruzko egungo ideiak XIX. mendeko bigarren erdian zehar hartu zuen garrantzia. Eugenesiari buruzko interesaren atzean oso zabalduta dauden bi filosofia uste agertzen dira: gizakia perfektua delako ustea, eta zientzia jakintza bide fidagarri eta erabilgarriena delakoa. Darwinismo soziala izenez ezagutzen den XIX. mendeko teoria soziologikoen multzoa da XX. mendeko eugenesiaren aurrekaria. Darwinismo sozialaren ikurritz kutunenak –"bizirik irauteko borroka" eta "indartsuenaren legea"– gizartean ezartzeak aberatsak behartsuak baino aukera gehiago eta, beraz, arrakasta handiagoa izatea dakar. Horrela, eugenesia modernoak darwinismo sozialean ditu erroak, lehen esan bezala, baina baditu harekiko desberdintasunak. Teoria soziologiko horiek beren jarrera liberalagatik ezaugarritu ziren; hau da, izadiari bere bidea egiten uzteagatik gizarteko elementu kaltegarriak denboraren poderioz desagertu arte. Eugenesia modernoarentzat, gizartea ontzeko bide egokiena heziketa egokiaren bidezko plangintza arretatsua da. 1900. urtean, genetika modernoaren sorrerarekin batera, giza arraza "hobetzeko" asmoz sortutako higikundeak higikunde instituzionalizatu bihurtu ziren, eta eugenesia higikundea izenaz ezagutzen dira egun. Historian zehar bi alderdi nagusi bereizi dira higikunde horietan: eugenesia positiboa, gizartera ongi egokitu edo moldatu diren gizabanakoen hezkuntza ahalmena areagotzean oinarritzen dena, eta eugenesia negatiboa, egokitu edo moldatu ez direnen heziketa eragotzi beharra azpimarratzen duena. Eugenesiaren helburuei leial ziren organizazio asko sortu ziren munduan, baina 1910 eta 1940 bitartean Ingalaterran, Estatu Batuetan eta Alemanian hartu zuen batez ere indarra. Hasiera-hasieratik anglo-saxoi zurien nagusitasun sentimenari estuki lotua izan zen. Adibidez, Ingalaterrako eugenesia higikundearen sortzailea izan zen sir Francis Galton (Charles Darwinen lehengusua), bere ustez bere familian bertan zegoen ondoretasunezko "genioak" piztutako jakin-minak bultzatu zuen gizakiaren ondoretasuna eta eugenesia aztertzera. Eugenesia higikundea ez zen inola ere ariketa akademiko hutsa izan. Estatu Batuetan eragin handia izan zuen herri iritzian, eta legeetan islatua geratu zen eragin hori. 1911 eta 1930 bitartean, 24 estatutan, gizartera egokitu gabeak (atzeratuak, kriminalak eta buruko gaitzak zituztenak) antzutzeko legeak onartu ziren. Arraza batzuetako kideen arteko ezkontzak eragozteko legeak ere onartu ziren. Eugenesia higikundeak Estatu Batuetan 1924an izan zuen goren unea, eugenizista batzuen eta enpresa handi batzuen arteko koalizioak Johnson Legea –Mediterraneo aldeko eta Europa sortaldeko herrialdeetako etorkinen sarrera eragozten zuena– onartzeko ahalegin guztiak egin zituenean. Eugenizisten arabera, etorkin horiek anglo-saxoiak baino gutxiago ziren eta amerikarren arraza "garbia" kutsatzen ari ziren. 1925. urte aldera eugenizisten aurkako kritika gogorrak entzuten hasi ziren, beren arrazismorako joerarengatik, beren adierazpenen subjektibotasun eta aurreiritziengatik, eta seriotasun zientifiko ezagatik. Egun eugenesiak ez du arrakastarik ez zientzia genetikoaren babesik.