Etxebarria, Lucia
Bizkaitar idazlea, gaztelaniaz idatzi ohi duena (Bermeo, 1966). Valentzian egin zituen lehenengo ikasketak eta ondoren Madrilera joan zen bizitzera. Kazetaritza ikasketak egin zituen eta, denboraldi luzea bidaiatzen eman ondoren, lan ugari egin zituen idaztetik bizitzera heldu zen arte. Besteak beste, itzultzaile eta musikari buruzko artikulu idazle gisa aritu zen. 1996an La historia de Kurt y Courtney: aguanta eso, Kurt Cobain eta Courtney Lovearen biografia eman zuen argitara. Bere lehenengo nobela arrakastatsua, Amor, curiosidad, prozac y dudas, 1997an argitaratu zen, eta 1998an Nadal saria irabazi zuen Beatriz y los cuerpos celestes bere bigarren nobelari esker. 1999an Nosotras que no somos como las demás, elkarrekin lotutako kontakizunez osatutako eleberria, argitaratu zuen, eta urte berean idatzi zuen David Menkes eta Alfonso Albaceteren Sobreviriré filmaren gidoia. Amor, curiosidad, prozac y dudas eleberriaren zinemarako egokitzapena ere berak egin zuen, 2000. urtean. Urte horretan bertan, idazten jarraitzeko laguntza eskuratuta eta idazketa klaseak emanaz, egonaldi luze bat egin zuen Eskoziako Aberdeen Unibertsitatean. Azaroan, doktore honoris causa gradua eman zion unibertsitate horrek. 2000. urtean argitaratu zuen, halaber, bere lehenengo saiakera: La Eva futura, la letra futura lana.