Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

etruriar

(Etrurieraz, Rasena; Lat., Tusci edo Etrusci; Gr., Tursenoi). iz. eta izlg. Antzina, Italia erdialdean bizi zen herri bateko kideaz esaten da. Etruriako biztanleak K.a. VIII. mendean azaldu ziren Italian, eta haien zibilizazioa izan zen Erromakoaren aurretik Italiako penintsulako garrantzizkoena. Historian zehar haien izena ia galdu egin zen. Beraien hizkuntza oraindik argitu gabe dago, hitz gutxi batzuk izan ezik, eta haien jatorriaz ere gauza gutxi esan daiteke ziurtasunez. Herodotok zioenez, etruriarrak Lidiatik etorriak ziren K.a. XIII. mendean, baina Etruria bertako jendeak ekialdetik etorritakoekin nahastean sortu zutelako ustea dago gaur. Toskanan zeuden meatzeek erakarri zituzten itsasgizon horiek, eta K.a. VII. mendean Latium hartu eta Erroma sortu zuten; bertan errege etruriarrek agindu zuten K.a. 619tik 509ra. Ondoren Po ibaiaren ordokira jo zuten iparraldera, eta Campaniara hegoaldera. VI. mendean iritsi ziren gailurrera, baina 474an grekoekin topo egin zuten Kuman, Erromatik bidaliak izan eta gero, Samniarrek garaitu zituzten, eta azkenik, Veies hartu ondoren (K.a. 396), Erromak menderatu zituen (350). Indarra galdu bazuten ere, izan zuten oraindik eraginik erromatarren artean, batez ere etxegintzan eta arte lanetan. Etruriarren zibilizazioa hiritarra izan zen batik bat, hasieran erregea (Lucumon) zelarik buru; gero aristokraziak hartu zuen agintea. Hiri nagusiak Arretium (Arezzo), Kortona, Perusia (Perugia), Kamars (Chiusi), Volsinies, Tutere (Todi), Chisra (Cerveteri), Velsu (Orvieto), Veies, Tarkinia eta Velathri (Volterra) ziren. Gizarte horrek, hilobietan ikusten den arteak erakusten duenez, luxuzko, atseginezko irudia du. Eragin greko nabarmena badu ere, arte etruriarrak jatortasun bikaina erakusten du. Etruriarrek harri handiak erabiltzen zituzten beren gotorlekuak, zubiak, ubideak eta estolderiak eraikitzeko. Etxeak adreilu eta zur margotuzkoak zituzten. Arkitektura etruriarrak utzi dituen aztarnen artean aipatzekoak dira Cerveteri eta Tarkiniako hilobiak, eta Volterrako Ate Arkuduna. Estatuetan buztin egosia erabili zuten: Veiesko Apolo, senar-emazteen hilobia. Freskorik bikainenak Cerveteri, Chiusi eta Tarkiniako hilobietan azaltzen dira.