Etosha Pan
Namibiako ekialdean dagoen gatzagi zabal eta guztiz laua. 4.800 inguru km2 ditu, eta itsas mailatik 1.300 m-tara dago. Afrikako handiena da. Antzina Angolako Kunene ibaia gatzagaren lurraldean barrena sartzen zen, eta aintzira handia eratu zuen. Geroago ibaiak beste bidea hartu zuen, aintzira txikitu egin zen, ura lurrundu eta gatzaga eratu zen. Etosha gatzaga Etosha Parke Nazionalaren erdian kokatua dago (22.269 km2) eta munduko ehiza abere mota ugarien biltzen duen lurraldeetako bat da. Parkearen ekialdean landaretza ugari dago, sabana motakoa. 1970-80 bitarteko urteetan gutxitu egin ziren Etosha parkeko ehiza abereak Hegoafrikako gudarostearen eta gerrilaren arteko borroken ondorioz.