Eszipion Afrikarra
(Lat. Publius Cornelius Scipio Africanus). Erromatar politikari eta jenerala (K.a. 235 - Liternum, K.a. 183). Espainiako kontsulorde aukeratu zuten K.a. 211. urtean, Kartagoren kontrako bigarren gerraren garaian. 209. urtean, Cartagenako hiria hartu eta Asdrubal Barka garaitu zuen, buruzagi iberiar nagusiekin egin zituen hitzarmenei esker. Andaluziaren konkista hasi eta Hispaniatik bota zituen kartagotarrak 206an. Masinisarekin elkarturik, bera kontsul zela 205ean eta kontserbadoreak aurkako bazituen ere, Afrikako lehorreratze proiektua onartarazi zuen. Kartago setiatu (204) eta Anibalen kontra Zamako garaipen erabakigarria lortu zuen 202. urtean. Horri esker, Erromara itzultzean, «Afrikar» izengoitia ezarri zioten eta garaipenaren ohoreak eman zizkioten. Bizitzarako kontsul postua ez zuen onartu, eta bere anaiari utzi zion (Lucius Cornelius Scipio Asiarra-ri), eta Antioko III.aren kontrako kanpaina zuzendu zuen Asian. Katon Zaharra gidari zuten kontserbadoreek legez kanpoko kobrantzak egin izana aurpegiratu zioten, eta bere anaia kondenatzean (187), Liternumera itzuli zen eta han arte eta letretara, batez ere kultura grekora, emana bizi izan zen.