Estremadura
Portugalgo mendebaleko lurraldea, Tajo ibarraren eta Ozeano Atlantikoaren artean. Leiria, Santarem eta Lisboa hartzen ditu. Hiri nagusiak: Almada, Barreiro, Caldas da Rainha, Leiria, Lisboa, Nazaret, Peniche, Seixal, Setubal, Sintra. Guztira 5.336 km2 eta 2.500.000 inguru biztanle ditu. v Orografia. Eskualdeak ordoki zabal bat eratzen du, itsas maila gainetik batez beste 200 metro dituena, batetik bestera alde handiak dituena, ordea. Zezera eta Tage ibaiak zeharkatzen dute lurraldea. v Ekonomia. Garia eta artoa dira nekazaritzaren ekarri nagusiak. Olibondoa eta mahatsa (Torres Vedras) ugariak dira. Fraide zistertarrek indartu zuten Alcobaçako eskualdeak fruituak eta lekariak ematen ditu. Hegoaldean (Sintra) landaretza oparoa du. Itsasertzeko portuetan arrantza egiten da. Lisboako inguruetan bakarrik dago industria (Almada, Barreiro, Seixal). v Historia. Lusitaniako probintzia erromatarreko lurralde izan ondoren, bisigodoek hartu zuten eta Toledoko erresuman sartu zuten 569. urtean. Musulmanen eskura joan zen ondoren. Portugalgo eskualde izan da Burgundiako dinastiako errege portugaldarrek askatu zutenetik (1147). Estremaduraren historia Lisboaren historiarekin uztarturik joan da beti.