Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Extremadura

Espainiako hego-mendebaleko autonomia elkartea. Mugak: iparraldean Salamanca eta Avila; ekialdean Toledo, Ciudad Real eta Kordoba; hegoaldean Sevilla eta Huelva; mendebalean Portugal. Caceres eta Badajoz probintziak hartzen ditu. 41.602 km2 eta 1.145.376 biztanle. Hiriburua, Merida. Hiri nagusiak: Albuquerque, Alcantara, Almendralejo, Badajoz, Caceres, Don Benito, Montijo, Plasencia.  v  Orografia. Erdialdeko Mendikateak gurutzatzen du ekialdetik mendebalera, iparraldean Toledoko mendiak daude eta Sierra Morena mendilerroa hegoaldean. Kontinenteko klima du; udak oso beroak dira eta euri gutxi egiten du, baina mendietan elurra sarritan izaten da. Tajo eta Guadiana ibaiek eta bi hauen ibaiadarrek ureztatzen dute Extremadura.  v  Ekonomia. Lehorreko nekazaritza da jarduera nagusia, Badajoz egitasmo delakoaren bidez, urez hornitua. Garia, garagarra eta oloa, oliba, ardoa eta tabakoa lantzen dira batez ere. Ardiak eta zerriak (urdaiazpikoa) ugari dira, eta mehen aldetik Logrosango fosforita da aipatzekoa. Industria nekazaritzari lotua dago batik bat.  v  Historia. Extremadura erromatarrek hartu zuten. Aztarna ugari ikus daiteke gaur oraindik, batez ere Meridan, antzinako Lusitaniako zati bateko hiriburua baitzen. Arabiarren garaietan, Badajozeko taifak garrantzia handia izan zuen eta aftasiden garaian Algarve portugaldarrera eta Lusitaniara hedatu zuen bere erresuma. Leongo Fernando II.ak Caceres aldera jo zuen; Coriara biztanleak eraman zituen eta eraso ausartak egin zituen Badajoz aldera. 1227an hartu zuten Caceres eta Alfontso IX.ak Merida, Montanchez eta Badajoz (1230) hartu zituen Abenhut garaitu ondoren. Fernando III.ak Trujillo eta Medellingo lurrak hartu zituen. XIII. mendean lursailak hesitzeko ekinaldi bat egin zen, lurrak Mestako abereetatik babesteko. Hala sortu ziren dehesak edo lur hesituak, erregeek bultzatu zituztenak, Mesta erakundearen indar handiari aurre egiteko modua ikusten baitzuten haietan. Lurrak hesitzean, ordea, herri lurrak jabetza pribatuen eskuetara igaro ziren; lurrik ez zuten langileak ugaritu ziren, eta emigrazioa sortu zen. Hala, gaur egun arte dirauen arazoa sortu zen garai hartan. Bestetik, Portugalek lurralde haiek hartzeko ekinaldi ugari egin zituen Erdi Aro guztian zehar eta XIV. mendean. Extremaduraren arazo nagusia, Erdi Arotik datorrena, lur banaketarena da, jauntxoena, alegia. Horren ondorioz, oso emigrazio biziak izan ditu bai XIX. mendean, bai XX. mendean zehar. Mendearen hasieran ahalegin batzuk egin ziren nekazaritza indartzeko (aipagarri da Badajozeko plangintza), baina ez zuten ondorio aipagarririk lortu eta Extremadura Espainiako eskualderik atzeratuenetakoa da oraindik ere. 1983. urteaz geroztik Autonomia Elkartea da.