Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Estrasburgo

(Fr. Strasbourg; Al. Strassburg). Frantziako ipar-ekialdeko prefetura hiria (Bas-Rhin, Alsazia), Frantziaren eta Alemaniaren arteko mugan. Ill ibaiaren ertzean dago, Rhinen ondoan. Marne eta Rhône ubideek Rhin ibaiarekin lotzen dute, ibai-portu handi batean. 257.303 biztanle. Alsaziako kultura eta ekonomia hiriburua da eta monumentu ugari ditu. Katedrala XI. eta XIV. mendeen artean eraikia da, eta gezi-dorre bakarra du; eskultura, beirategi eta tapiz gotiko ugariz apaindua dago. Beste monumentu batzuk: apezpikuaren etxea (udal museoa egun), Santo Tomasen eliza (XIII-XIV. m.) eta Unibertsitatea, 1567an eraikia. San Pedro Gaztea (XIII. m.) eta San Gilen (XV. m.) elizak. San Pedro Zaharra (XV. m.). Rohan familiaren gazteluak hiru museo ditu. “Petite France” izeneko auzo ikusgarria. Europako Kontseiluko jauregia (1950). Estrasburgoko industriak garrantzia handia du Alsazian. Ibai-portu garrantzitsua (9.439.000 tona urtean). Bi petrolio findegi.  v  Historia. 842. urtean Karlos Burusoilak eta Luis germaniarrak bertan egin zuten Estrasburgoko zin ospetsua, Lotarioren aurka. Idazki hori frantsesaren lehen lekukotzat hartzen da. 855etik aurrera Germaniako Inperio Santuan sartu ziren Estrasburgo eta Alsazia. Estrasburgon bizi izan zen Gutenberg 1434-1447 urteetan eta bertan asmatu zuen inprenta. 1681ean Frantziaren eskuetara igaro zen Estrasburgo eta Vaubanek gotorlekua eraiki zuen 1687an. Goethek eta Metternichek bertako Unibertsitatean ikasi zuten. 1792an Rouget de Lislek Estrasburgon kantatu zuen lehen aldiz “Rhineko armadaren kanta” (La Marseillaise). 1870ko irailaren 28an alemaniarrek setiatu eta beretu zuten hiria. 1918 arte Alemaniarren mende geratu zen. Bigarren Mundu Gerran kalte handiak jasan zituen, eta Leclerc jeneralak hartu zuen 1944ko azaroaren 23an. Europako Kontseiluaren eta Europako Elkarteen biltzarren egoitza hiria da.