Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

estetika

iz. Izadiko edo ertiko edertasunaz diharduen jakintza; ederrari, edertasunari buruzko ikuspegi jakin bakoitza.  v  Fil. Grekotik datorren hitza da (aisthesis), eta Alexander Baumgarten filosofo alemaniarrak erabili zuen lehenengo aldiz XVIII. mendean poesiaren alorrean. Geroztik artearen eta edertasunaren zientzia adierazteko erabili da. Edertasuna aztertzea da estetikaren helburua, arte lanena batez ere; filosofo eta kritikalari ugari saiatu da azterketa hori egiteko bide egokiena aurkitzen: Edmund Burkek edertasunaren kontzeptua eta ederrestearen azterketa logikoa eta ideologikoa egin zuen On the Sublime and Beautiful (1756, Gorenaz eta Edertasunaz); estetikaren beste joera bat edertasunak sortzen duen zirraraz eta barne egoeraz arduratu zen, alegia edertasunaren aurrean izaten diren erantzunez. Bide horri ekin zioten M. Dufrenne eta R. Ingarden filosofo fenomenologistek; hirugarren azterketa modua gai estetikoak ikertzea izan da, bai arte lanenak bai izadiarenak, era horretan estetikaren ezaugarriak aurkitzeko. Clive Bell estrukturalista da literatura aztertzeko batez ere ikuspegi hori erabili duenetako bat. XVIII. mendean izadiaren edertasunari eta izaki gorenari garrantzia eman bazitzaion ere, handik aurrera estetikaren alorrean artearen filosofia nagusitu zitzaion izadiaren filosofiari. XX. mendeko estetikaren eztabaida nagusietako bat arteak norbaitek ederretsia izan behar duen ala berezko balioak dituen izan da. Era berean, estiloa eta bere esanahi estetikoa, artearen historia egiteko ahaleginak, kultura eta irizpide estetikoak eta abar izan dira estetika berriaren zenbait gai.