Errumania
(Errumanieraz, România). Europako hego-ekialdeko errepublika. 237.500 km2 eta 22.303.522 biztanle (2006ko estimazioa, errumaniarrak). Mugak: Ukraina, iparraldean; Hungaria eta Jugoslaviako Errepublika Federala mendebaldean; Moldavia eta Itsaso Beltza, ekialdean; Bulgaria, hegoaldean. Hiriburua: Bukarest (2.080.363 biztanle, 1994). Hiri nagusiak: Arad, Braila, Brasov, Cluj, Craiova, Galati, Konstantza, Oradea, Ploiesti, Sibiu, Timisoara. Berrogei eskualdetan banatzen da estatua. Hizkuntza nagusiak: errumaniera (hizkuntza ofiziala), hungariera (Transilvania, Maros), alemaniera. Dirua: leua. ■ Gaurko Errumaniako eremua, izenak eta hizkuntzak adierazten dutenez, Erromatar Inperioaren parte izan zen, eta orduz geroztik historia luzea izan du. Errumaniar lurraldea behin baino gehiagotan beretu dute hungariarrek, turkiarrek eta errusiarrek, eta Lehen Mundu Gerraz gero da orain ezagutzen dugun herri bateratua. Sobietar blokeko kide izan da berrogei urtez baino gehiagoz, eta komunismo estalinista utzi zuen azken herrialdea izan zen, 1989. urtean Ekialdeko Europako gainerako herrialdeak demokraziaren bidetik abiatu zirenean. v Orografia eta klima. Ipar-hego-mendebalde norabideko arku bat eratuz zabaltzen diren Karpato mendiek osatzen dute Errumaniako ardatza. Haien mendebalean, ekialdean eta hegoaldean zabaltzen dira Errumaniako Herbehereak, Danubio ibaiaren eta Itsaso Beltzaren ertzetan. Bucovinako eta Maramurako mendiak daude iparraldean. Handik hegoaldera, Ekialdeko edo Moldaviako Karpatoak (Pietrosul, 2.305 m) hedatzen dira. Errumaniako erdialdean, Serbia aldera bihurtzen dira mendiak, Danubio ibaiaren lerro berean: Hegoaldeko Karpato mendiak edo Trantsilvaniako Alpeak dira; bertan daude Errumaniako mendi gorenak (Moldoveanul, 2.544 m). Karpatoen mendebalean zabaltzen da Transilvaniako goi-ordokia, Bihorko mendien ondoan. Hauek dira Errumaniako ordoki zabalenak: Banat, eta Errumaniaren barnean dagoen Hungariako ordokiaren zatia, mendebalean; Valakiako ordoki handia, Errumaniako hegoaldean (Oltenia, Multenia eta Baragan) eta Siret eta Prut ibaien artean luzatzen den Moldaviako ordokia, Errumaniako ekialdean. Danubio ibaiaren eta itsaso Beltzaren artean zabaltzen dira Dobrudjako Herbeherea eta Danubioko deltaren inguruko lurraldeak. Danubio da Errumaniako ibai nagusia; Serbia eta Bulgariarekiko muga osatzen du kilometro askotan, hegoaldetik, eta delta handi ederra itsaso Beltzaren bokalean. Gainerako ibaia nagusiak Danubioren adarrak dira eta ipar-hegoalde zeharkatzen dute Errumania osoa. Klima kontinentala da. v Ekonomia. 1945 arte, Errumaniaren ekonomia oso ahula zen eta nekazaritzan ziharduten langile gehienak. 1949tik aurrera, 50 ha-tik gorako lur eremu guztiak kolektibizatu ziren herri demokraziaren arabera eta, mekanizazioari eta ongarriei erabiltzeari esker, asko hazi zen ekoizpena. Garia eta artoa lantzen dira ordokietan (Valakia, Moldavia, Trantsilvania eta Dobrudja), fruituak eta barazkiak Podgorian eta Trantsilvaniako haranetan. Garrantzi handikoak dira industriarako laboreak (eguzkilorea, azukre-erremolatxa, patata, tabakoa). Ardi eta behi azienda. Oihanek Errumaniako lurraren % 27 hartzen dute (Karpatoetako mendietan). Arrantza Itsaso Beltzean: Errumania Europako estatuetan bigarren kabiar ekoizlea da, Errusiaren ondoren. Errumaniako lurpea aberatsa da: petrolioa (Ploiesti, Moldavia), gas naturala (Transilvania), ikatza (Banat, Petrosani), lignitoa, burdina, beruna, kobrea, zinka, bauxita eta manganesoa. 1949tik aurrera, izugarri hazi zen Errumaniako industria, bost urteko planei esker: burdingintza (Hunedoara, Resita, Galati), traktoreak (Brasov), burdinbiderako gaiak (Craiova), kimika industria (Valea Coelugareasca, Craiova, Tirgu Mures), ehungintza (Moldavia, Iasi, Timisoara) eta janari industria. Turismoak garrantzi handia du itsaso Beltzeko eremuetan (Mamaia, Mangalia). ■ Biztanleak. 1989. urtea arte Errumaniako biztanleria urteko % 1 hazten zen, eta geroztik alderantziz gertatzen da. 1990 eta 1997 artean, 660.000 lagunetan gutxiagotu da. Emankortasuna erdira jaitsi da ia: 1989 aurretik 2,6 haur emakumeko zen, eta 1995-2000 urteetan 1,4 izan da. Abortua da gaur egun, erregimen komunistak debekatua, jaiotzak erregulatzeko bide nagusia (1990eko hamarraldian, abortu bat hiru jaioberri biziko). Hilkortasunak gora egin du (haurrenak batez ere) 1989tik aurrera. Era berean, emigrazioa ere hazi egin zen komunismoa desagertzean, baina geroztik egonkortu egin da. Emigrazioa dela-eta, bestalde, gutxiengoen pisua indartu da. 1992ko erroldaren arabera, sortzez errumaniarrak biztanleriaren % 89,5 ziren; hungariarrak, % 7,1; ijitoak, % 1,8; 1918an, Errumania Handia osatu zenean, biztanleria osoaren heren bat ziren gutxiengoak; 1992an, % 10 besterik ez. Emigrazioa da beherakada da horren sorburuetako bat, bereziki juduen eta alemanen kasuan. 1956 eta 1992 bitartean, juduak % 94 murriztu dira, eta alemaniarrak % 69. Gutxiengoak Transilvanian bizi dira gehienbat; han, biztanleriaren laurden bat dira, hungariarrak batez ere. Erlijioz, biztanle gehienak errumaniar ortodoxoak dira (% 70); katolikoak % 6 dira, protestanteak % 6, eta % 18 definitu gabeak. ■ Ekonomia. Errumaniar ekonomiak, munduko krisiaren baitan, behera egin zuen 1980ko hamarraldian. Ia itota zegoen Ceaucescuren gobernua erori zenean; Erregimen Zaharraren autarkiaren ondorioz, zentralizazio handiegia zuen, atzeratua zegoen teknologian, eta handiegia zen industria astuna. 1990aren udazkenean hasi ziren abian jartzen erreformak, mailaka-mailaka, besteak beste, kanpoko zorra murrizteko helburuaz. Ekonomia bideratzeko lehen neurriak diruaren baliogabetzea, pribatizazioak, prezioen liberalizazioa, kontsumo gaien diru-laguntzak gutxiagotzea izan ziren. Arrisku handia zegoen langabezia asko handitu zedin, baina lortu zen arrisku hori saihestea. Mailakako erreformak egiten jarraitu zen 1992-1996 urteetan. Beherakada oso handia izan zen 1992an, Ekialdeko Europako gainerakoetan baino askoz handiagoa (1989ri buruz, % 25), baina gero egonkortu egin zen errumaniar NPG, eta ekonomia hazten hasi zen (% +1,3 1993an, % +3,9 1994an, % +6,9 1995an). Hazkunde hori, ordea, gehiago oinarritzen zen nekazaritzan industrian baino. Izan ere, industria nagusi izan den arren 1989tik aurrera, nazio produktu gordinaren osaeran duen garrantzia murriztu egin da nekazaritzaren mesedetan. 1996an, nekazaritzak NPGaren % 19,8 hartzen zuen, industriak % 37,3, eraikuntzak % 6,9, eta zerbitzuek % 36. ■ Pribatizazioak, gehienetan, biztanleen artean kupoiak eta jabetza zertifikatuak banatuz egin dira, eta oso motel doa. 1993 eta 1995 artean egin ziren pribatizazioen bi heren soldatapekoek berriz erositako enpresa txikiei zegozkien. Baina bide hori ez da egokiena, ez baitu enpresak kapitalizatzeko behar bezainbeste ematen. Horren ondorioz, enpresa txikiak eta ertainak ahulak dira. Handiak, gehienbat, estatuaren jabetza dira. Sektore pribatuaren partea gero eta handiagoa da industrian (% 77 1977an). Garrantzitsuagoa da zerbitzuetan, eta, batez ere, nekazaritzan (nekazaritza ekoizpenaren % 90 baino gehiago), lur asko itzuli baitzaio antzinako jabeei (1991ko legea). Nazio ekonomia ez baita behar bezala berregituratu, hazkundea ez dirudi finkoa denik. 1996an, aurrekontuaren defizita (NPGren % 5,8), aurreko urteari buruz, bikoiztu egin zen. 1996ko hauteskundeetatik sorturiko gobernuak neurri ekonomiko berriak hartu zituen (horien artean, prezioen liberalizazio osoa), baina ekonomiak atzera egin zuen berriz ere 1997tik aurrera, industriako lana asko murriztu baitzen (% -6,6); bestalde, inflazioa hirukoiztu egin zen urte batean, eta biztanleen erosketa ahalmena % 20 jaitsi zen. Joera horiek berean jarraitu zuten 1998an, eta defizita asko hazi zen. Langabezia (1998ko abuztuan, biztanle aktiboen % 8,7), hala ere, ez da handia. Alabaina, erreformei buruzko datuak zirela-eta, Nazioarteko Diru Funtsak eten egin zituen, 1998aren hasieran, Errumaniarentzako kredituak. ■ Industrializazioaren ondorioz, errumaniarren urbanizazio tasak gora egin zuen komunismoaren garaian (% 55 hirietan bizi zen). Baina 1989tik aurrera izandako aldaketek industrian ziharduen biztanleen parte bat landaldera bultzatu zuen. Aldi berean, eskualdeen arteko aldeak areagotu egin dira komunismoaz geroztik. Moldavian, langabe dira biztanle aktiboen % 15 (batez besteko nazionala baino ia bi bider gehiago). Hiriburua, Bukarest eta Transilvania dira eskualde dinamikoenak. 1998an lurraldekotasunari buruzko lege bat onartu zen, nolabait ere alde horiek ekar ditzaketen arazoei aurre egiteko asmoz. ■ Kanpo merkaritza. Comecon desagertu zenean, Mendebaldera egin zuen errumaniar kanpo merkataritzak. Hala, 1995. urtean, Europar Batasuneko herrialdeekiko trukeak, 1988an heren bat zirenak, bolumen osoaren erdia baino gehiago ziren. 1995aren otsailaren 1ean, Europar Batasunarekiko akordio bat jarri zen indarrean, eta huraxe bihurtu da Errumaniaren merkataritza kide nagusia. Errusiak betetzen du hirugarren lekua, gas naturalaren eta petrolioaren inportazio masiboak direla-eta. 1997an, Errumaniak Truke Libreko Europa Erdialdeko Akordioa izenpetu zuen (CEFTA ingelesez), Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Poloniarekin. Harreman horiek, 1996an, Errumaniako kanpo merkataritzaren % 4,3 baino ez ziren, baina inguruko herrialde horiekiko harremak laster indartuko direla espero da. ■ Historia. Egungo Errumania Erromaren kolonia egin zuen Trajanok 107. urtean, Dacia izenaz. III. mende bukaera aldera, godoak, hunoak, gepidoak, avaroak, eslaviarrak eta beste herri batzuk igaro ziren oldeka Errumaniatik. Daziako laborariak, erromatarrak eta erromatartuak, Karpatoetako mendietan babestu ziren eta gorde zituzten beren ohitura eta hizkuntza latinoak. X-XIII. mendeetan sortu ziren egungo Errumaniako lehen printzerriak. Erlijioa kristau ortodoxoa zen eta hizkuntza latinoa. XIII. mendean, Transilvaniaz jabetu ziren hungariarrak eta bertako jende askok jo zuen Valakia eta Moldavia aldera. XIV. mendean moldatu ziren egungo Errumaniako hiru lurralde nagusiak: Transilvania, Valakia eta Moldavia. Berant Erdi Aroan Moldaviako eta Valakiako printzerriek garrantzi handia izan zuten. Turkiako sultanak beretu zituen lurralde haiek XVI. mendearen hasieran eta, Estebe Handia eta Miguel Ausarta jazarri bazitzaizkien ere, nagusi egon ziren XVII. mendearen bukaera arte. Garai horretan sendotu zen Errumaniaren aldeko abertzaletasuna. XVII. mendean, Austriako inperioak beretzat hartu zuen Transilvaniako lurraldea. XVIII. mendean Moldavia eta Valakia turkiarren esku geratu zen berriro. XVIII. mendearen bukaeran indartu zen Errumaniako abertzaletasuna: eliza ortodoxoak sustatzen zuen eslavieratik urrundu eta errumanieraren alde hasi ziren lanean. Politikari dagokionez, inguruko estatuek gutiziatzen zuten lurraldea zen Errumania: Austriarrak Buciovinaz jabetu ziren 1775. urtean eta errusiarrak Besarabia eta Moldaviako zati handi batez 1812an. Nazionalismoaren gorakadari esker, 1845. urtean bertako printzeak gobernari izateko eskubidea eskuratu zuten errumaniarrek. 1848. urtean, Errumaniaren independentziaren alde altxatu zen Errumaniako herria, burgesia abertzalea gidari zuela, baina gogor zapaldu zuten saio hura errusiarrek eta turkiarrek. 1856. urtean, Errusiak Krimeako gerra galdu ondoren, Europako estatu nagusiek Errumaniako estatua onartu zuten. Valakia eta Moldavia batu eta Alexandro Cuza aukeratu zuten printze (1859) eta otomanoek izena baizik ez zuten gorde inperio hartatik. Alexandro Cuza izan zen Errumania modernoko lehen buruzagia. Agintea utzi behar izan zuen 1866an. Bere lekua Karol Hohenzollern-Sigmaringengo printze germaniarrak hartu zuen, Karol I.a izenarekin. Errumania Europako erdialdeko estatuei begira jarri zuen eta guztiz neurri gogorrak bideratu zituen langile eta nekazarien aurka. 1878. urtean, independentzia ofiziala hartu zuen Errumaniak eta Karol printzea erregetu zen (Berlingo hitzarmena, 1878). Hitzarmen bat sinatu zuten urte berean Errumaniak, Austriak eta Alemaniak, Errusiako erasoei aurre egiteko (Italiak izenpetu zuen 1888an). 1912. urtean, ordea, hitzarmen hura hautsia zen. 1913an Dobrudjako lurraldea berreskuratu zuen Errumaniak, Balkanetako gerraren ondoren. Lehen Mundu Gerran, Fernando, Karol I.aren ondorengoa, aliatuen alde sartu zen gerran eta Austria-Alemaniako eta Bulgariako armadek Errumania hartu eta oso egoera larrian geratu zen, gosete eta izurrite handiak eragin baitzituen gerrak. Aliatuen garaipenaren ondoren, Besarabia, Bucovina, Transilvania eta Banateko lurraldeak berreskuratu zituen Errumaniak. ondorengo urteak latzak izan ziren: zailtasun ekonomikoek faxismoa ekarri zuten eta, “Burdinazko Goardia” alderdi faxistaren ildoan, Alemania naziaren eraginpean geratu zen Errumania. Karol II.ak diktadura ezarri zuen 1938an. 1939an, naziek Transilvania hartu zuten eta Sobiet Batasunaren aurkako gerrari ekin zion Errumaniak, Antonescu diktadore faxista gidari zela. 1940an Sobiet Batasuna Besarabiaz jabetu zen, eta Hungaria Transilvaniaz. 1944ean Errumaniak amore eman zuen Sobiet Batasunaren aurrean, inolako baldintzarik jarri gabe. Miguel erregeak sozialistak eta komunistak onartu behar izan zituen gobernuan. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Transilvania berreskuratu zuen Errumaniak. 1947an Miguel erregeak kargua utzi eta Errumaniatik alde egin zuen, eta Errepublika Sozialista bilakatu zen Errumania (1948), Sobiet Batasunaren inguruan. 1955ean Varsoviako Itunaren barruan sartu zen. 1961ean nolabaiteko independentzia lortu zuen Errumaniak Sobiet Batasunaren agintetik. 1967an, Nicolae Ceaucescu, Alderdi Komunistako Idazkari Nagusia izendatu zuten Estatuko Kontseilu Goreneko Lehendakari. 1968an, Errumania, Sobiet Batasuneko armada Txekoslovakian sartzearen kontra agertu zen Varsoviako Ituneko herrialde bakarra izan zen. 1974ean, hilabete bat lehenago sorturiko kargua, Errumaniako lehendakaritza, hartu zuen Ceaucescuk. Ceaucescuk egindako politika kontserbatzaile nepotistak matxinadak eragin zituen, eta 1989ko abenduan manifestazio handiak izan ziren nonahi. Gobernuak gogor erantzun zien manifestazioei eta zapalkuntza horren ondorioz hildako asko izan ziren Timisoaran. Armada ere gobernuaren kontra jarri zen. Ceaucescu eta bere emaztea atxilotu eta hil egin zituzten. Alderdi komunista agintetik kendu eta hauteskundeetarako deia zabaldu zen. Gaur egun errepublika da, eta bi erakunde nagusik osatzen dute gobernua: senatuaren eta diputatuen biltzarra. v Azken urteak. 1989. urtearen bukaeran izan ziren gobernuaren aurkako matxinada gogorren ondoren, zeinetan hiritar asko hil zen, Ceaucescu eta emaztea 1989ko abenduaren 25ean fusilatu zituztelarik, Nazio Osasunerako Fronte batek hartu zuen aginpidea, erregimen politiko askotarikoa eta demokratikoa bideratzeko helburuaz. Frontea behin-behineko egitura moduan aurkeztu zen arren, hurrengo hauteskundeetan parte hartu zuten –istilu handiak sorraraziz–, eta Frontearen lehendakaria, Ion Iliescu, irten zen presidente, botoen % 85arekin; haren alderdia, erreformatzaileek eta Mendebaldean hezitako teknokratek osatua, izan zen alderdi garailea. Agintari horiek neokomunistatzat hartzen zituen oposizioak, alegia, 1947an debekaturiko alderdi historikoek (Nekazari Alderdi Nazional Kristaua eta Demokrata, PNTCD; Nazio Alderdi Liberala, PNL, eta Errumaniako Alderdi Sozial-demokrata, PSDR). Protesta handiak izan ziren kalean, Bukaresteko unibertsitatean batez ere. Baina Jiuko meatzariak etorri ziren gobernuari laguntzera, eta gogorkeriaz ezabatu zituzten protestak; hori zela-eta, guztiz gaiztotu ziren aginpidearen eta oposizioaren arteko harremanak. 1991n, erreferendum bidez, konstituzio berri bat onartu zen, Errumania errepublika, estatu nazional eta bateratu gisa definitzen zuena, oposizioaren kontrakotasunarekin ordea. Urte berean, Petre Roman Lehen Ministroak dimisioa aurkeztu behar izan zuen Jiuko meatzarien presiopean; haren ingurura bilduta, 1993an Alderdi Demokrata (PD) sortu zuten erreformatzaileek. 1992an, Ion Iliescu hautatu zuten berriz errepublikako presidente, botoen % 61ekin. Haren alderdiak, FDSN, Osasun Nazionaleko Fronte Demokratikoak (% 28), aurrea hartu zien alderdi historikoen koalizioari eta Petre Romanen PDari. Teknikari gobernu bat osatu zen, Nicolae Vacaroiu-ren buzuzagitzapean, zeina, Nazioarteko Diru Funtsak eta Mundu Bankuak lagunduta, erreforma batzuk egiten hasi baitzen, 1995ean ekonomiaren egonkortzea ekarri zutenak. 1993an, Europar Batasunarekin elkarterako akordio bat izenpetu zuen Errumaniak; urte bereko irailean, Europako Batzordean onartu zuten, eta 1994aren urtarrilean, Errumania izan zen NATOrekin bakerako kidetasuna izenpetu zuen lehen herrialdea; azkenik, 1995ean, Europar Batasunean sartzeko eskaria egin zuen. 1996ko hauteskundeetan, aldatu egin ziren gauzak, oposizioa irten baitzen garaile, hiru alderdi historikoen koalizioa alegia, eta Emil Constantinescu (54% ) izan zen lehendakari berria. CDR, PD eta UDMR alderdiek gobernu koalizio bat osatu zuten. Victor Ciorbea, sindikatuetako lider ohia, Bukaresteko alkate 1996ko ekainaz gero, izendatu zuten Lehen Ministro, eta hark argi agertu zuen erreforma politikoak eta ekonomikoak bideratzeko, bizitza publikoa txukuntzeko eta ustelkeriari kontra egiteko asmoa. Koalizioa, ordea, ahula zen, eta arazoak aldizka sortzen ziren, bereziki hungariar gutxiengoaren ingurukoak. Victor Ciorbeak azkenean dimisioa aurkeztu behar izan zuen 1998ko martxoan, eta Radu Vasilek hartu zuen haren lekua, PNTCD Nekazari Alderdiaren buruak. 2000an, Ion Iliesku izendatu zuten lehendakari; 2004an, berriz, Traian Băsescu eskuindarrak hartu zuen agintea. 2004an, Errumania NATOn sartu zen, eta Irak inbaditu zuen ingeles-estatubatuar koalizioan parte hartu zuen. 2007an, Errumania Europako Batasunean sartu zen.
http://www.gov.ro/main/index/l/1/