erromaniko
edo erromatar. (Fr. roman) iz. eta izond. Europako sartaldean X. mendearen bukaeran hasi eta XIII. mendea bitartean garatu zen arkitektura estiloa. Hitz hori gainerako arte adierazpenak izendatzeko ere erabili izan da. Hitza (roman) De Gerville historialari frantsesak sortu zuen XIX. mendean, Erromako antzinako artearen bilakaera atzeratutzat zutena izendatzeko. Estiloaren hedatzea eta batasuna bi alderdik mugatu zuten: alde batetik, Clunyko abadetxearen garrantziak, beste era bateko monasterio barruko bizitza finkatu baitzuen, eta harekin ongi etorriko zen arkitektura estilo bat; eta bestetik, Erdi Aroko erromes bideak, haiek izan baitziren arte molde berriak Europa kristauan barrena zabaldu zituztenak. v Erlijiozko arkitektura. Eliza erromanikoak harlanduz egin ohi ziren. Zenbaitetan koloretako marmolez estaltzen ziren (Italiako erromanikoa). Oina paleokristau jatorriko gurutze latinoa zuten. Eskuarki hiru edo bost nabe zituzten eta buruan abside bat edo gehiago. Eliza batzuk beste era bateko oinez eraikiak izan ziren: oin biribilak, tenplarioek egindako poligonalak, eta greziar gurutzekikoak, Bizantzioko eraginez hala eraikiak. Eliza erromanikoen hormek irekiera gutxi dute, eta eliza barneak ilunak dira, erlijio mistiko eta bere barnean bilduaren agergarri. Lehenengo elizek sabaia zurezkoa bazuten ere, laster hasi ziren kanoi gangak erabiltzen, zeharkako arkuez etenak; arku horiek ziren gangen euskarri. Eraikuntza molde horrek gotortasuna ematen zion elizari, baina lagungarriak behar zituen teilatuaren pisuari eusteko: harresi lodiak, kontrahormak kanpoan, zutabe trinkoak, soilak edo elkartuak. Erromesen elizetan, hegaletako nabeek bi solairu izaten zituzten eta gainekoak edo tribunak erdiko nabera ematen zuen arkuteria bidez. Era horretako elizek girola izeneko pasabide bat zuten aldare nagusiari bira emanez. Puntu erdiko arkua erabili zen nagusiki. Gangak erdi kanoikoak edo erztunak ziren. Kupulak erdiko nabea eta zeharkakoa biltzen ziren gunean eraikitzen ziren. Bizantzioko eragina zuten elizek kupula bat baino gehiago izaten zuten. Garai hartako erlijiozko beste eraikuntza moldea monasterioa zen. Monasterioek eliza bat zuten, kalostrea edo arkupekiko patioa, eta gelak kalostrearen inguruan: sala kapitularra, errefektorioa, liburutegia, logelak eta eritegia. Eraikuntza molde horretan Clunyko monasterioa, gaur desegina badago ere, izan zen osatuena eraikuntzan eta gelen antolaketan. XII. mendean Zister erako arte mota sortu zen, izen bereko ordenaren hedadurari lotua. Ojibek elkar ebakitzean osatutako ganga asmatu zen, eta hala gotikoari bidea zabaldu zitzaion. v Arkitektura laikoa. Eraikuntza laiko gutxi gelditzen da garai hartakoa. Garrantzitsuenak XI. mende bukaeratik aurrera harriz egindako dorreak eta gotorlekuak dira. v Eskultura. Eskultura erromanikoaren helburua didaktikoa zen eta era berean apaindurazkoa. Erliebeen bitartez kristau dotrina irakatsi nahi zitzaion herri alfabetatu gabeari. Abadetxeetan, sarrera mugatua baitzegoen, ikonografia konplexuagoa zen, fraideentzat berezia. Harriak eraikuntzan ezarri aurretik lantzen ziren. Hori zela eta, harginek, eskultoreek eta arkitektoek elkarrekin egin behar zuten lan. Arkitekturaren mende jarri zen eskultura, eta, eskuerki, zutabeetan, kapiteletan, eta arkiboltetan agertzen dira. Ateetako tinpanoetan pantokrator-a irudikatzen zuten, ebanjelarien sinboloez eta azken epaiketaren irudiz inguratua. Arkitekturaren mende ez zegoen eskultura, zurezkoa eta polikromatua zen, maiz harri bitxiez eta esmalteez apaindua. Kristo gurutziltzatua eta Ama Birjina Haurrarekin irudikatzen zituzten. Eredu jakin bati jarraitzen zioten irudiak egiterakoan. Eskultura erromanikoak XII. mendean izan zuen garairik beteena; ezaugarri nagusia zuten hieratikotasuna galduz joan ziren pixkanaka, eta gotiko estilorantz jo zuten. v Pintura eta apaingarriak. Horma irudietan freskoaren teknika erabili zuten. Ikonografia eta helburuak eskulturarenak berak ziren, alegia, kristauei dotrina irakastea. Marrazkiaren arrastoa lodia zen, irudiak inguratzen zituen eta koloreak bereizi. Koloreak, gainera, lauak eta nahasketarik gabeak ziren, ez zegoen perspektibarik; antolaketa xehea zen, giza irudiak bakartuak eta aurrez agertuak ziren, hondoak kolore bakarrekoak. Horma pinturaz gainera, aipagarria da eskulturaren gainean egiten zen polikromia, eskuizkribuen apainketa, eta beirateen artea, erromanikoaren azken urteetan sortu zena. Orfebreria erlijiozko gauzakiak apaintzeko erabili zen, pinturaren eta eskulturaren ereduei jarraituz. v Erromanikoaren hedadura. Erromanikoa Frantzian jaio zen. Baina hala ere, non garatu, estilo bereziak agertzen dira. Burgundian elizak oso handiak ziren, eta nabeak oso garaiak (Vezelayko eliza, Clunyko monasterioa). Normandian elizek bertikaltasunerako joera dute, aitzinean bi dorre dituztela (Caengo katedrala). Atlantiko aldeko eskualdeetan, Bizantzioko eragina nabarmen agertzen da (Angulemako katedrala, Poitiersko Andre Maria). Ingalaterrara Normandiako eredua hedatu zen (Winchester-eko, Gloucester-eko eta Durham-eko katedralak). Italiako erromanikoak arte paleokristauaren eta Erromakoaren eragina jaso zuen (Pisako dorrea eta katedrala, Milango San Ambrosio eliza). Erroma eta Germanietako inperioak Burgundiaren eragina izan zuen eta Oton familiarena (Spirako, Worms-eko eta Maguntziako katedralak). Iberiako penintsulan, Donejakue bidetik barrena zabaldu zen erromanikoa. Kataluniako erromanikoa hornidura handirik gabea da (San Clemente de Tahull, San Pedro de Roda), eta penintsulako erromaniko gunerik garrantzitsuena. Aragoiko eta Nafarroako erreinuetan Frantziako eragina nabarmentzen da zuzenean (Jakako katedrala), eta Donejakue bide ertzetan agertzen dira eraikuntzak. Gaztelan eta Leonen arte mozarabiarraren eragina nabaria da (Silosko monasterioa, Zamorako katedrala, Leongo San Isidoro). Erromanikoa Eskandinavian, Hungarian, Polonian eta Jerusalemgo erreinu latinoan ere badago. v Erromanikoa Euskal Herrian. XI. mendetik XIII. mendea bitartean Nafarroako erreinuan zegoen Euskal Herria. Nafarroan eta Araban barrena dihoan Donejakue bideari lotua jaio zen erromanikoa. Agertzen diren eraikuntza ugariek argi uzten dute eskualde horren indar ekonomikoa. Erlijiozko arkitekturan eredu nagusiak hauek dira: Leireko monasterioa, Iratxekoa, Santa Maria Eunatekoa (tenplarioek eraikia), Zangotzako Santa Maria Nagusia, San Pedro de la Rua Lizarran eta Armentiako basilika. Hiri arkitektura dagokionez Garesko zubia eta Mendozako dorrea aipatu behar dira. Arkitekturarekin lotu gabeko eskulturen artean Rokamorko Ama Birjina eta San Pedro de Ruako Kristoa daude. Gazeon badira horma irudi moduan egindako margolan erromaniko garrantzitsuak, nahiz eta gotiko garaian eginak izan ziren (XIV. mendean). Orfebreriari dagokionez, Aralarko esmalteak aipatu behar dira eta Orreagako ebanjelioen estalkiak.