Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erromantze

iz. Latin hizkuntza bakoitza. || Lit. Espainian Erdi Aroaz gero asko erabili den poesia mota, gertaeraren bat azaltzen duena; horren kide den euskarazko poesia mota herrikoia.  v  Frantzian XII. mendearen erdialdean hasi ziren erromantzeak. Europako mendebale osoan XII. eta XIII. mendeetan zabaldu ziren. Kondairak eta gertaera zaharrak zituzten gaitzat (Ingalaterran adibidez, Artur erregearen kondairak, Havelock-enak, Rikardo Lehoi-Bihotzarenak…). Ahozko literaturaren barruan kokatzen direnez gero, erromantzeak kantuaren bidez gorde dira mendez mende, eta herri musikaren altxor baliotsua dira aldi berean. XIV. eta XV. mendeetan herriko erromantze ugari bildu zen, juglareek kantatzen zituztenak (Espainian, El Cid Campeador, La jura de Santa Gadea, Los siete infantes de Lara). Erromantzeak nola sortu ziren azaltzeko bi iritzi proposatu izan dira. Lehenak eta zabalduenak dioenez, Cantares de gesta (Egitandien kantuak) zirelakoak galtzen hasi zirenean, herriak horietako zenbait zati gorde, eta garai zaharretako kondairak gertari berriekin nahasiz erromantzeak sortu zituen. Hala ere, beste zenbait ikerlariren ustez, erromantzeek hasieratik genero berezia eratu zuten eta Cantares delakoak baino lehenagokoak bide ziren. Erromantzeek izaera lirikoa zuten gehienetan, eta gai epikoak eta historikoak erabiltzen zituzten lirikotasunarekin batera. Poesia hauek erromantze sailetan (Romancero) gorde dira gaur arte. Erromantzeek, latina gabe, hizkuntza erromantzeetan eginak izatea dute ezaugarria, eta hortik datorkie romanz frantsez zaharreko izena. Hitz lauz idatzitako erromantzeak ere badira, baina ia beti olerikiak baino geroagokoak dira. Espainian XV. eta XVI. mendeetan oso ezaguna izan zen hitz lauzko erromantzea; genero horren adibide satirikoa da Cervantesen Don Kixote. Euskal Herrian ezagutzen diren erromantze zaharrenek epikaren ezaugarri nabarmenak dituzte: Beotibarko kanta (XIV. mendeko gertaera), Arrasateko erreketa, Olaso… XV. mendekoak, eta geroagokoak, lirikotasun maila handiagoa dute (Atharratze jauregian, Bereterretxeren kantorea, Hiru kapitainak, Ana Juanixe…).  v  Erromantzeak, hizkuntzak. Hizkl. Latin hizkuntzak ere esaten zaie. Erromatarren Inperioak V. mendean gainbehera egin zuenean, barbaroen erasoak zirela eta, Erromaren mendeko lurraldeak bakartu egin ziren eta ahozko hizkuntzak lekuan lekuko aldaketa bizkorrak izan zituen; horren ondorioz, hizkuntza erromantzeak sortu ziren. Hizkuntza erromantze guztiek sail bakarra osatzen dute, latin arruntetik, latin jasoaren aldaera herrikoietik sortuak direlako. Horien artean bi azpisail bereizten dira: ekialdeko Erromaniakoa, italiera, errumaniera, dalmata, sardoa eta erretorromanoa bere baitan hartzen dituena, bata; eta mendebaleko Erromaniakoa, portugesa, galegoa, katalana, gaztelania, gaskoia, frantsesa, probentzala, franko-probentzala eta Italiako iparraldeko zenbait hizkera biltzen dituena, bestea. Latina hizkuntzetan bereizi zenean hainbat aldaketa izan ziren: genero neutroa desagertzeko joera nagusitu zen eta gramatika kasuak galtzekoa; horren ondorioz, preposizioen erabilera indartu zen. Fonetikan ere oso aldaketa handiak eta bizkorrak izan ziren; hizkuntza erromanikoetan frantsesak izan du, latinetik urrunduz, fonetikazko aldaketa gehien.