erromatar
izlag. eta iz. Antzinako Erromari dagokiona; antzinako Erromako biztanlea. || Erromari dagokiona; Erromako herritarra. v Erromatar zenbakiak. Zenbakiak latin alfabetoaren hizkien bidez adierazten diren zenbaki sistema. I (bat), V (bost), X (hamar), L (berrogeita hamar), C (ehun), D (bostehun) eta M (mila) dira erromatar zenbakiak adierazteko erabiltzen diren zeinuak. v Erromatar zuzenbidea. Antzinako Erromako legedia, Erromako Inperioa sortu zenetik Sortaldeko Inperioa desagertu zen bitartean indarrean iraun zuena. Lege sistema horrek eragin handia izan du bai mendebaleko herrietako legedietan eta baita ekialdeko herri batzuetan ere. Erromatar legediaren lehenengo bilduma Hamabi Taulak dira (K.a. 451-450); horien bidez, ordu arte patriarken familiako pontifizeen eskuetan egon ziren arauak ezagutzera eman ziren. Erromako Foruan ezarri zituzten zurezko eta brontzezko taulak, herritar guztien eskura. Erromatar zuzenbideak ondareei buruzko gaiak hartzen ditu kontuan (oinordekotzak), betebeharrei buruzkoak (hitzarmenak, maileguak…), ondasun eta jabetzazkoak, eta pertsonei buruzkoak. Hasieran, Erroma hiri txikia zenean, legeak hiritarrentzat izaten ziren (jus gentium) eta ez atzerritarrentzat. K.a. III. mendearen erdian Erromak indar hartu zuen eta jende (peregrini) mota asko bertaratu zen. Horientzat legedi berriak egin zituzten (jus gentium). Hala ere, mende horretan zehar batu egin ziren bi legediak, eta hiritar guztientzat legedi bakarra erabili zen. Harrezkero zuzenbide erromatarra korapilatu, ugaritu eta zaildu egin zen, eta legegizonak behar izan ziren legeak argitzeko. K.o. V. mendea arte legeak bildu eta errazteko zenbait ahalegin egin ziren arren, Justiniano enperadoreak lortu zuen 529an lege guztiak Codex Constitutionum-ean biltzea, eta hori da erromatar zuzenbidearen iturri nagusia. v Erromatarren errepideak. Erromatarrek eraikitako garraiorako sare garrantzitsua (Britainiatik Tigris eta Eufrateseraino, eta Danubiotik Hispaniako eta Afrikako iparralderaino). 80.000 km.ko errepide sarea egin zuten denera, batez ere arrazoi militarrak zirela eta. Ezagunak dira oso zuzenak eta sendoak direlako, ongi eta material egokiez eraikiak. Konkistak erraztu zituzten, administrazioa zabaldu zuten eta kristautasuna hedatu. Erdi Aroan zehar erabilgarriak ziren bide horiek eta gaur arte iritsi dira errepide horietako zati asko.