Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erriberri

Nafarroako erdi-ekialdeko udalerria, izen bereko merindadeko herriburua. Olite du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Tafalla, ekialdean Beire, mendebalean Arga-Miranda, eta hegoaldean Morillo el Cuende. Goratasuna 388 m. 82,44 km2. 1998ko datuen arabera, 3.109 biztanle ditu, aurreko erroldan baino ia 100 gehiago (erriberritarrak). Hizkuntza gaztelania. XVI. mendean galdu zen euskara. Ekonomia jarduera nagusia industria da (ardogintza, zeramika, zurgintza, mekanika tailerrak), baina garrantzi handia du laborantzak (mahastiak, barazkiak). Aipagarriak dira XIV-XV. mendeko gaztelua (XX. mendean eraberritua) eta XII. mendeko San Pedro eta Santa Maria elizak.  v  Historia. Suintila errege bisigodoak sortu zuen Olite 621-631 urteen artean, Ologito edo Olivete izenaz. Euskaldunen erasoei aurre egitea zen gotorleku haren xedea. Nafarroako Gartzea Ramirez erregeak Lizarrako Forua eman zion Erriberriri 1185. urtean. Arabiarrak Tuteran finkatu ziren garaian, Olite izan zen nafarrek eduki zuten gotorleku aurreratuenetako bat, eta XIII. mendeaz geroztik bazuen ordezkaritza Nafarroako Gorteetan. Nafarroako erregeen egoitza nagusia izan zen XII. mendetik XV. mendea arte. Karlos III.a Nobleak Nafarroako hiriburu bihurtu zuen eta bertan egin ziren 1410, 1413 eta 1419. urteetako gorteko batzarrak. Erriberri aipaturiko erregearen mende geratu zen 1452. urtean eta agramondarrek bertan egin zituzten hainbat aldiz beren biltzarrak. 1512. urtean Nafarroako gainerako herriak bezala, Gaztelaren mende geratu zen Erriberri. 1556. urtean Cortesko markesak jabetu ziren herriaz. Erriberri zenbait erregeorderen egoitza ere izan zen: Almazango markesa, Frantzisko de Mendoza eta Oropesako kondea. Nafarroako erreinua zatiturik zegoen bost merindadeetako baten hiriburu bihurtu zen Erriberri XIV. mendeaz geroztik. Merindadea Oibarrek eta Tafallako barrutiko zenbait herrik osatua zen. Espainiako Independentziarako Gerra garaian Espoz eta Ilundain gerrillariak Erriberri eta Tafallako jauregiak suntsiarazi zituen frantsesak bertan gorde ez zitezen. 1834. eta 1865. urteetan izurrite gogorrak izan ziren herrian.