Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erribonukleiko

izond. Biokim. Azido erribonukleikoa (RNA): zeluletan, proteinen sintesia kontrolatzen duen gaia. Bestea azido desoxirribonukleikoa da (DNA). RNAa polimero bat da, katea edo helize eran kokatzen diren molekula ugariz osatuta dagoena; RNA-ren molekulen artean hauek daude: pentosak (erribosa), azido ortofosforikoa eta base nitrogenatuak (zitosina eta uraziloa, azido nukleiko guztietan agertzen diren adenina eta guaninaz gainera). RNAa zelulen zitoplasman aurkitzen da, eta legamiaren zeluletatik erraz lor daiteke. Azido horren hidrolisiaren bidez d‑erribosa eta azido fosforikoa lortzen dira. Zelula batetik beste zelula batzuk, lehenaren berdinak direnak, osatzeko prozesua azido nukleikoek eragiten dute. Zelula osatuko duten proteinak zein eratan elkartu behar diren agintzen duten “mezuak” (informazio genetikoa) zelularen gunean dagoen DNA-an daude jasota, eta RNA-a da mezu horiek proteinetara zuzentzen dituena.