Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erle

iz. Taldean bizi den intsektua, eztia eta argizaria egiten dituena. || Erle-hazkuntza. Erleak hazteko eta zaintzeko antzea, erlezaintza.  v  Erlauntzan hiru erle mota bizi da: erlamandoak, erle langileak eta erregina. Erlamandoak, 2 cm inguruko erle iletsu gizenak, ehunka edo milaka batzuk izaten dira; urtaro epeletan bizi dira bakarrik; eme langileek bildutakoa jan eta erregina ernaldu beste egitekorik ez dute. Erle langileak, 1,5 cm inguruko eme antzuak, erle taldean ugarienak (10.000 eta 60.000 artean) dira; taldearen iraupenerako eginkizunak bere gain hartzen dituzte: argizarizko aberaskak egin, jaioberriak elikatzeaz arduratu, eta loreen nektarra, ura eta lore hautsa biltzen dute. Lanerako aroan 4-8 asteko bizitza du, baina neguan 5 edo 7 hilabetez ere bizi izaten da. Sabel muturrean ezten pozoiduna du, eta inori sartuz gero zaurian lotua geratzen zaio sabel-barru zati batekin batera, eta horren ondorioz hil egiten da erlea. Erregina 2 cm inguru duen eme ugalkorra da, erlauntzan dagoen bakarra. Hegan ari dela ernaltzen du erlamandoak. Sabel luzea du eta arrautz egiten (50.000 arrautz inguru urtean) dihardu bere bizitza osoan (5 edo 6 urte), neguan atseden hartzen duela. Taldea behar baino handiago denean erregin gehiago jaiotzen da. Lehenengoa jaiotzean taldea bitan banatzen da; erregin zaharra beste erlauntza bat egitera joaten da 10.000 bat erlerekin. Erlauntzan geratu direnak erregina jaioberriaren esanetara jartzen dira eta erregin lehen sortuak hil egiten ditu lehiakide izan daitezkeenak.