Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ercilla y Zuñiga, Alonso de

Espainiar poeta (Madril, 1533 - 1594). Aita, Fortun Garcia de Ercilla, Bermeokoa zuen. Filipe II.aren zerbitzaria zen eta haren laguntzaile izan zen hark Ingalaterra eta Flandesera egin zituen bidaietan. Bohemiako erregeen zerbitzuan jarri zen ondoren. 1555-1563 urteetan Txileko konkistan parte hartu zuen. Handik itzultzean, Maria de Bazan emakume aberatsarekin ezkondu zen. Txileko konkista gai hartuta, La Araucana poema epiko ospetsua ondu zuen, hiru zatitan, 1569tik 1589ra bitarteko urteetan. Araukaniarrak eta beren buruzagi Kaupolikan, konkistatzaileen kontra adore handia erakutsi zutenak, dira poema horretako benetako protagonista, obra Filipe II.a erregeari eskania bada ere.