Elsasser, Wlater Maurice
Estatu Batuetako fisikaria, Alemanian jaioa (Mannhein, 1904 – Baltimore, 1991). Göttingenen egin zituen fisikako ikasketak eta Parisera joan zen ondoren, fisika nuklearrari buruzko ikerketak egitera. Irakasle jardun zuen Frankfurten, Parisen eta Kalifornian. 1940. urtean Estatu Batuetako herritasuna eskuratu ondoren, Pennsylvania, Utah, Kalifornia eta Marylandgo unibertsitate ospetsuenetan egon da irakasle. Ikasle zela, kristalezko gaiek elektroi sorten difrakzioa eragiten dutela iragarri zuen. Beste hainbeste frogatu ahal izan zuen, aurkitu berria zen neutroia ikertu ondoren. Hans Bethek, Nobel saridunak, bere aldetik egin zuen bezala, Elsasserrek guztiz ikerketa baliotsuak egin zituen neutroien eta atomo nukleoen elkarren arteko eraginei buruz. Bestalde, lan garrantzitsuak eskaini ditu magnetismoaren sorburuari eta ezaugarriei buruz. Teoriaren alorrean, liburu interesgarriak idatzi ditu fisikaz, quantum-ez, mekanikaz eta biologia zientziez eta elkarren arteko loturari buruz: The Physical Foundation of Biology (1958, Biologiaren oinarri fisikoak), Atom and Organism (1966, Atomoa eta organismoa), The Chief Abstractions of Biology (1975, Biologiako abstrakzio nagusiak).