Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

elikadura

iz. Elikatzea; elikatzeko gaia.
■ Elikadura ereduak. Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) aholkaturiko dieta jarraibideak, pertsonek bizitzeko behar dituzten elikagai motei eta kopuruei buruzko informazio zientifikoetan oinarrituak. Elikagai premiak ez dira berdinak pertsona guztiengan, eta aldatu egiten da adinaren, sexuaren, egiten den ariketa fisikoaren, osasun egoeraren eta beste zenbait faktoreren arabera. Herrialde aurreratuetan pertsona gehienek behar beste elikagai beretzen dituzte eta jende gutxi dago eskorbutoa edo errakitismoa bezalako eritasunek jotakoa. Hala ere, jende asko dago dieta orekatua ez duena eta horrek zenbait eritasun eragin ditzake: bihotzeko gaitzak, gizentasuna, diabetesa eta minbizi mota batzuk. Dieta orekatua energia kopuru egokia (kaloriak) eskaintzen duena da, pertsonaren premien araberakoa, eta energia ematen duten elikagaien proportzio zuzena duena. Elikagaiok gantzak, karbono hidratoak eta proteinak dira. Gantzak eskaintzen du energia horren zati handiena, proteinek edo karbono hidratoek eskaintzen dutena halako bi baino gehiago. Beraz, pisu egokiari eusteko zailtasunak dituzten pertsonei kaloria eta gantz kopurua mugatzea aholkatzen zaie. Gantzetan aberatsa den dietak bihotzekoa izateko arriskua handitzen du. Pertsona baten dietaren energiaren erdia, gutxi gorabehera, karbono hidratoek eman beharko lukete, batez ere karbono hidrato konplexuek, almidoian aberats direnek (ogiak, patatak, pastak, esate baterako). Elikagai horiek, bestalde, zuntz iturri nagusietako bat izaten dira. Zuntza garrantzi handikoa da hesteek behar bezala lan egiteko, eta bihotzeko gaitzak eta minbizi mota batzuk eragotz ditzake. Alkoholak, elikagaia ez bada ere, energia handia ematen du. Alkohola edaten duten pertsonei neurriz edatea gomendatzen zaie. Alkohol gehiegi edateak hipertentsioa handitzea eragin dezake. Gatzak ere hipertentsioa eragin dezake, eta hortaz, gatz gutxi kontsumitzea gomendatzen da. Azterketa askok frogatu duten bezala, fruituak eta barazkiak oso onuragarriak dira osasunarentzat (egunean 400 gramo kontsumitzea gomendatzen da). ■ Elikadura katea. Izaki bizidunen komunitate bereko piramide ekologikoan hainbat mailatan dauden organismoak elkarrekin lotzen dituen elikatze harremanen multzoa (ekologian, harreman trofikoak deritze). Kontsumitzaileen elikadura kateek, adibidez, elkarrekin lotzen dituzte ekosistema bakoitzean begetalak (landare berdeak) edo ekoizle primarioak, animalia kontsumitzaile edo ekoizle sekundarioekin (kate trofikoan edozein mailatan daudela ere, organismo fotosintetikoek sortzen duten materia begetalaren baitan dagoelako beren existentzia deitzen zaie sekundario). Hau da animalia kontsumitzaileen banaketa: landarejaleak (bigarren maila trofikoa) eta haragijaleak. Landarejaleak, halaber, haragijaleen elikagai izaten dira, eta hauen banaketa honakoa da: harrapari primarioak (landarejaleak jaten dituztenak), eta harrapari sekundarioak, elikadura kateen goiko mailetakoak. Nolanahi ere, elikadura katea kontzeptu teorikoa baino ez da, ez baitago, berez, horrelako katerik izaki bizidunen komunitateetan, ez uretan ez lehorrean. Izan ere, apenas dagoen erabateko monofagiarik izadian. Ez dago inongo elikadura katetan landarejale mota bakar batek jaten duen landare motarik, ezta aipatutako landarejale mota jango duen superharrapari espezie bakar bat ere. Aitzitik, orojaleak izan ohi dira animalia mota ugari, eta superharrapari mota gehienek zenbait maila trofikotako harrapakiak jan ohi dituzte. Beraz, oso ugariak dira komunitate jakin bateko elikadura loturak, eta materia organikoen zirkulazioa edo lekualdaketa oso sare konplexu baten baitan eratu ohi da, sare trofikoa deritzon sarean hain zuzen ere.