Elexpuru Arregi, Juan Martin
Gipuzkoar idazle eta itzultzailea (Bergara, 1950). Filosofia eta Euskal filologiako ikasketak egin zituen. 1976tik 1996ra irakasle izan zen Bergarako UNEDeko Euskara Sailean. 2000an Goenkale telesailerako gidoiak idazten hasi zen. Gainera, Txalaparta argitaletxeak kaleratzen duen Literotura liburu erotikoen bildumako zuzendaria da. Bilduma horretan bertan plazaratu ditu Krabelina Beltza (1998) eleberria eta euskarazko testu erotikoen antologia bat, Euskal lizunkeriaren antologia (1999). Helduentzako literaturan, bi ipuin liburu idatzi ditu: Txakur zaunkak atean (1989) eta Hamaika ipuin (2000); eta bi bidaia-liburu: Alpeen itzalpean (1993) eta Kuba triste dago (1994). Haur literatura ere landu du: Pernando Plaentxiarra (1984), Marea biziak zozomikoteetan (1991) eta Fraixko eta galtzagorriak (1997). George Orwell, Gianni Rodari eta Cesare Beccaria bezalako autoreen lanak itzuli ditu euskarara. 2008an Molièreren Tartufo eta Zekena obren euskarazko bertsioa argitaratu zuen Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Hizkuntzaren irakaskuntza eta ikerketaz ere baditu lanak eginak. Bergarako euskara aztertu eta hiztegia bildu du, adibidez, liburu banatan: Bergarako euskera (1988) eta Bergara aldeko berbak (2005). Gainera, Bergara aldeko berbak eta langintza zaharrak proiektu etnologiko-dialektologikoaren zuzendaria izan da. Bestalde, 2001etik 2005era Aralar alderdi politikoaren Gipuzkoako koordinatzailea izan zen.
- Eleuterio, santua
- eleuterozoo
- Elexabeiti
- Elexalde
- Elexpuru del Valle, Manuel
- Elexpuru Arregi, Juan Martin
- elezahar
- Elf Aquitaine
- Elfaqeeh
- elgar*
- Elgar, Edward