Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Edinburgo

(Gaelikoz, Dunedin; Ing. Edinburgh). Eskoziako eta Lothian lurraldeko hiriburua, nazio horretako hego-mendebalean, Forth ibaiaren itsas ahoaren sarreran (Firth of Forth). 439.721 biztanle (1984). Portua du alde nagusia. Mendixka gainetan eraikia da (Pentland Hills). Hiri zaharra eta berria bereizten dituen High Street da kale garrantzizkoena. Ekialdean errege-erreginen egoitza izan zen Holyrood jauregia dago (XVII. m.), eta mendebalean Eskoziako lehen erregeen gotorlekua (Castle Rock, XI. m.). Koroako plazaren inguruan dauden etxe gehienak Eskoziako David II.aren garaian eraikiak dira (XIV. m.). Monumentu aipagarriak dira Parlamentua (1632), Saint Giles katedrala (1110) eta Holyrood (1128) eta Greyfriarseko abatetxeak. Kulturari dagokionez, antzinatik du ospea hiriak: unibertsitatea (1582) eta arte galeria ugari ditu. Nazioarteko jaialdi ospetsuak (musika, balleta, antzerkia). Industriagune garrantzitsuenak iparraldeko aldirietan daude (Leith): ontziolak, makineria elektrikoa, kautxu sintetikoa. Ohiko industriari dagokionez, aipagarriak dira garagardo eta whisky destilategiak.  v  Historia. VII. mendean sortu zuen Northumbriako Edwinek eta hari zor dio izena ere (Dun-Eideann edo Dun-Edin, Edwinek gotortu zuen muinoa). XI. mendean, Malcolm III.aren garaian, aipatzen da hiria lehenengo aldiz. XII. eta XIII. mendeetan, Holyroodeko monasterioaren inguruan hazi zen hiria. Jakue II.a Stewart errege zela, Edinburgo Eskoziako hiriburu bihurtu zen, Perth hiriaren ordez. XVII. mendean, istilu politiko eta erlijioso gogorrak izan zituen (National Covenant edo anglikanismoa ezarri nahi zuten legeen aurkako matxinadak, Cromwellen okupazioa, 1650). 1736. urtean hiritarrak altxatu egin ziren, Ingalaterrako koroak Eskoziari sinarazi zion Batasun Agiria (1707) salatzearren. Harrezkero, politika aldetik galdu zuen garrantzia, kultura aldetik irabazi zuen. Edinburgo Eskoziako hiri nagusia da, Eskoziako lehen industria hiria Glasgow den arren.