ediktu
iz. Adm. Guztiak jakinaren gainean egon daitezen, horretarako aginpidea duenak eman eta jendaurrera azaltzen den agindua edo oharra. Ekintzaren bat iragartzeko edo auzi batean izan ez direnei bertan erabakitakoaren berri emateko argitaratzen dira batez ere. v Milango ediktua. 313an Erromako Konstantino enperadoreak emandako ediktua. Ediktu horren bitartez erlijio askatasuna eman zuen, eta kristauei kendutako ondasunak haiei itzuli zitzaizkien berriro. v Nantesko ediktua. 1598an Frantziako Henrike IV.ak aldarrikatutako ediktua. Hugonoteei gainerako herritarrek zituzten eskubide zibil berberak ematea zuen helburu. v Behin betiko ediktua. 1575ean Anberesen izandako matxinadaren ondoren Austriako Joanek emandako ediktua (1577). Espainiako armada Flandestik aterako zela eta bertako probintziei zegozkien eskubideak eta pribilegioak emango zizkiela zioen ediktu hark. Horren truke katoliko izaten segitu behar zuten Flandesko estatuek eta Joan izendatu behar zuten gobernari.