Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ebro

Espainiako iparraldean sortu (Fontibre, Reinosa, Kantabria) eta, Errioxa, hego Euskal Herria (Araba eta Nafarroako hegoaldea), Aragoi eta Katalunia hegoaldea zeharkatu ondoren, Mediterraneoan itsasoratzen den ibaia (Ampostatik hurbil, Tarragona).  v  Iberiar Penintsulako bigarren ibaia da luzeran, Tajo ibaiaren ondoren: 928 km. Mediterraneoko isuri aldeko ibaien artean luzeena da, Nilo ibaiaren ondoren. Euskal Herriko muga naturala osatzen du hegoaldetik; 207 km betetzen ditu Euskal Herriko hego-mendebal eta hegoaldean, 100 Araban (Errioxa eta Gaztelarekiko muga) eta 107 Nafarroan (Errioxa eta Aragoirekiko muga). Euskal Herriko Mediterraneo aldera jotzen duten ibai guztiek Ebro ibaian isurtzen dute ura. Ebrorena Espainiako estatuko ibai arro nagusia da (86.000 Km2). Fontibren (Kantabriako mendietan) sortu ondoren, ezker aldetik jasotzen du, Kantabriako mendietan, Euskal Herriko mendietan eta Pirinioetan sorturiko adarren ura (Hijar, Nela eta Oca, Kantabrian eta Gaztelan; Omezillo, Baia, Zadorra-Uda eta Inglares, Araban; Linares-Odron, Ega, Arga-Aragoi, Alhama eta Keiles, Nafarroan; Gallego eta Segre-Cinca sistema, Aragoin) eta Iberiako mendietan jaiotako adarrena eskuin aldetik (Najerilla, Iregua eta Oja, Errioxan; Alhama eta Keiles, Nafarroan; Jalon, Huerva, Martin, Guadalope eta Matarraña, Aragoin). Goi ibilguan estua da, eta bertan egin da Ebroko urtegia (450 milioi m3). Gero Burgosko lurretan zabaldu egiten da, Zaragozaraino. Ondoren, Behe-Aragoiko ordoki idorrak gainditzen ditu eta Kataluniako kostaldeko mendien artetik barneratu ondoren, estutu egiten da berriro, Fayon eta Tortosa artean. Ampostatik aurrera, zenbait beso ireki eta delta zabal bat osatzen du (320 km2-ko azalera, 30 km luze). Tarragonako itsasertzean dagoen delta honek bi isuri nagusi ditu: Gola del Norte eta Gola del Sur deiturikoak, eta bien erdian dago Buda izeneko uhartea. Ebro ibaiaren batez besteko emaria 615 m3/segundokoa bada ere, ur kopuru horrek gorabehera handiak izan ohi ditu, zeharkatzen dituen lurraldeetako idorteak handiak direlako. Ebro ibaiaren ura lurrak ureztatzeko (Tausteko ubidea, Tutera-Cabanillas eta Zaragoza artean, 19,8 km Nafarroan barrena; Aragoiko Ubide Inperiala, Tuterako Bokalea eta Pina de Ebro artean, 90 km guztira, 18,5 km Nafarroan barrena) eta energia elektrikoaren ustiakuntzarako (Ebro, Mequinenza eta Ribarroja urtegiak) erabiltzen da.  v  Historia. Historialari latinoen arabera (Avieno), Ebro (Lat. Hiberus) baskoien lurralde barneko ibaia zen. Haren ertzetan zeuden Kalagorri, Vareia, Alfaro eta Cascante, hiri baskoiak garai hartan. Avieno eta Plinioren arabera, Ebro ibaian garraio ontziak ibiltzen ziren Tortosatik Tuteraraino, eta bere horretan iraun zuen ibaiak Erdi Aroan, ura lurretan erabiltzeko xedean han eta hemen presak eraikitzen hasi ziren arte. Mendeetan zehar, euskaldunen lurraldeak Ebrotik hegoalderantz zabaldu baziren ere, XIII-XIV. mendetik aurrera, Ebro ibaia bihurtu zen, oro har, Arabaren eta Nafarroaren hegoaldeko muga. Historian zehar, Ebro ibaiaz beheiti bideratu zuen Nafarroa ekialdeko (Erronkariko almadiak) eta hegoaldeko (Erriberako ubideak) jendeak Aragoirekiko eta, batez ere, Zaragozarekiko garraioa. XVIII. mendetik aurrera, Ebro ibaia Kantauri itsasoarekin lotzeko hainbat proiektu aurkeztu zen Euskal Herrian, euskal eremuko hegoaldea eta iparraldearen arteko harremanak estutzearren. Proiektu horien eduki politikoak, Euskal Herria batzeak alegia, susmoak sortu zituen, Madrilgo gortean batez ere, eta ez ziren inoiz onik atera.